Munduko Txapelketan K1 Mailan zilarrezko domina eskuratu zuen Maialenek irailaren 13an. Lanaren ostean, atsedena dator eta gure artean egun batzuk egongo dela aprobetxatuz Lasarte-Oriako Udalak harrera xumea eta beroa egin zion astelehenean batzar aretoan.
Udaleko ordezkariak, Atlético San Sebastian, LOKE eta Texas-Lasartearrak kirol elkarteetako ordezkariak, familia eta lagunak egon ziren bertan Maialen zoriontzeko.
Lasarte-Oriako Ana Urchueguia alkateak esan zuen bezala, "Maialeni omenaldi xumea egin nahi izan diogu, Munduko Txapelketan bigarren postua eskuratzeagatik." Nahiz eta, alkateak azpimarratu zuen bezala, "aitak piano jolea izatea nahi," Maialenek piragua aukeratu eta zortzi alditan Espainiako txapeldun da eta orain, Munduko txapeldun ordea.
Alkateak "aitak zaintzeko lorea" eta plaka bat eman zizkion Lasarte-Oriako udalaren izenean eta, horren ostean, 2012an Londresen antolatuko diren Olinpiar jokoei buruz galdetu zion Maialeni.
Bertan egoten saiatuko dela esan, guztiei eskerrak eman eta "kirolariak beti gaude onena emateko prest, nahiz eta emaitza onik ez lortu," adierazi zuen Maialenek.