Ostegunean, Zero Sette akordeoi orkestrak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatzen duten VI. Akordeoi Jaialdiko prentsaurrekoa egin zen.
Jone Altuna Kultura saileko burua, Zero Setteko Javier Zatarain eta Xabier Goitia Kulturetxeko kudeatzailea izan ziren larunbatean egingo den jaialdia aurkeztu zutenak.
Jone Altunak Zero Sette orkestra zoriondu zuen lehenik “udan izan dituzten emanaldi arrakastatsuengatik” eta, jarraian, akordeoia sustatu behar dela azpimarratu zuen.
VI. jaialdi honetako gonbidatuei buruz ere mintzo zen. “Oso egokiak iruditu zitzaizkigun. Batetik, Nathalie Boucheux dugu, duela bi urte, jaialdian arrakasta handia izan zuena. Aurten abesti frantsesak eta kutsu espainiarra duten doinuak dakartza bere taldearekin batera. Eta, bestetik, Xabier Iglesias dugu. Musika eskolako ikasle onenetarikoa zen eta jotzean akordeoiarekin bat egiten zela zirudien,” adierazi zuen.
Eta akordeoi orkestrari eskerrak emanaz bukatu zuen, “egindako esfortzuarengatik.”
Zatarainek Zero Setteren abestiak estreinekoz joko direla adierazi zuen, “izan ere, Rossiniren La Gazza Ladra ez baita herrian jotzen 1992tik.”
Eta, honetaz gain, jaialdia osasun onekoa dela azpimarratu zuen. “Aurten krisiagatik ezin izan dugu orkestrarik ekarri, baina jakin ezazue orkestra eta talde ugarik etorri nahi duela jaialdira,” adierazi zuen Zero Setteko ordezkariak.
Azkenik, eskerrak eman zizkion Udalari eta Semblante Andaluz elkarteari “afaria bertan antolatzen uzteagatik.”