Bizikleta, Mugikortasunaren Asteko protagonista

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 26a

Udaleko Ingurumen sailak aurten bizikletari protagonismoa eman nahi izan dio Mugikortasunaren Astearen barruan ingurugiroa zaintzeko ibilgailurik egokiena izanik eta atzo arratsaldean txirringak izan ziren nagusi Andatza plazan egin zen festan. Arratsaldeko 4etan atera ziren herrian zehar itzuli bat emateko bi talde: 20 bat neska mutil txikik Eusko tren geltoki eta Atsobakar ingurutik ibilbide motza egin zuten eta koskorragoak, beste 25 bat lagun, Azkorte bideraino joan ziren Plazaola trenbidearen garai bateko ibilbidean zehar eta ibai ertzetik Andatzara itzuli.
Ondoren euren trebetasuna erakutsi ahal izan zuten Andatza Plazan egin ziren jokoetan. Bestalde, iazko erantzun onaren ondoren aurten ere bigarren eskuko bizikleten azoka txikia antolatu zen. 25 bizikleta inguru, maillotak, kaskoak eta txirrindularitzaren inguruko beste hainbat osagarri jarri ziren salgai Andatzan eta bertan jarritako konponketa tailerrak ere arrakasta handia izan zuen. Hainbat txirringa eta gurpil konpondu zituzten Bazpi Txirrindulari Eskolako partaideek, konponketak zein bizikletaren erabilera eta zainketarako oinarrizko azalpenak emanaz.