Mugikortasun Iraunkorraren Astean bizikleta izan zen ardatz

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 28a

Udaleko Ingurumen sailak aurten bizikletari protagonismoa eman nahi izan dio Mugikortasunaren Astearen barruan eta ostiral arratsaldean txirringak izan ziren nagusi Andatza plazan egin zen festan. Ingurugiroa zaintzeko ibilgailurik egokiena eta gutxien kutsatzen duena da zalantzarik gabe eta bere erabilera bultzatzeko herrian zehar joan etorria egin zuten haurrek eta ondoren bizikleta gainean duten trebetasuna erakusteko aukera izan zuten. Gainera bigarren eskuko bizikletak jarri ziren salgai eta herriko txirrindulariek hauek konpontzeko aholkuak eman zituzten.
Arratsaldeko 4etan atera ziren herrian zehar itzuli bat emateko bi talde: 20 bat neska mutil txikik Eusko tren geltoki eta Atsobakar ingurutik ibilbide motza egin zuten eta koskorragoak, beste 25 bat lagun, Azkorte bideraino joan ziren Plazaola trenbidearen garai bateko ibilbidean zehar eta ibai ertzetik Andatzara itzuli.
Ondoren euren trebetasuna erakutsi ahal izan zuten guztiek Andatza Plazan egin ziren gymkhana jokoetan. Ibilbide batean zenbait oztopo gainditu behar izan zituzten.
Bestalde, iazko erantzun onaren ondoren aurten ere bigarren eskuko bizikleten azoka txikia antolatu du Lasarte-Oriako Udalak. 25 bizikleta inguru, maillotak, kaskoak eta txirrindularitzaren inguruko beste hainbat osagarri jarri ziren salgai Andatza plazan. Bertan jarrita zen konponketa tailerrak ere arrakasta handia izan zuen. Hainbat txirringa eta gurpil konpondu zituzten Buruntz azpi Txirrindulari Eskolako partaideek, gainera konponketei buruz zein bizikletaren erabilera eta zainketari buruz oinarrizko azalpenak emanaz.