Ostadar Kirol Fundazioak denboraldi berriari ekin dio

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 28a

Ostadar Kirol Fundazioko ordezkariek 2009/10 denboraldiko kirol egitasmoa eta babesle berria, Plagamania.com, aurkeztu zituzten aurreko ostiralean elkarteko egoitzan. Iazko atalak mantentzen dituzten arren, denboraldiak berrikuntzak ditu.

Kirol Fundazioko ordezkariek futbol federatuarekin ekin zioten aurkezpenari.
Fitxa federatu gehien dituen atalak futbol federatua da, aurten 10 futbol talde martxan jarri ditu elkarte lasarteoriatarrak, iaz baino 2 talde gehiago, lehen jubenila eta lehen infantila. Guztira 200 kirolari inguru eta 20 laguntzaile eta entrenatzaile. Eta Futbol Eskolak ere aurten urriaren 7an ekingo dio denboraldi berriari 8 eta 10 urte bitarteko 80 haurrekin.
Bolatokian ere hasi dira bolo hotsak entzuten, izan ere, aurreko asteburuan Santi Martín eta Martín Egaña memoriala ospatu zuten.
Beste urte batez, bolari talde honek eskualdeko tirada federatuetan eta bestelako txapelketetan parte hartuko dute. Aurkezpenean Ostadarreko ordezkariek herritarrak gonbidatu zituzten bolatokira gerturatu daitezen kirol modalitate honetaz gozatzeko.
Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoiaren azken detaileak ere zehazten ari dira Ostadarren, urriaren 25ean dena ondo atera dadin.
"Aurten inoiz baino zailtasun gehiagorekin, herria hankaz gora dago eta. Herrian burutzen ari diren lanak direla eta, ibilbidea zerbait aldatuko da. Herriko txikienek ere festa honetan parte hartzeko aukera izango dute aurten ere", azaldu zuten ordezkariek.
Bestalde, Tenis Eskolak irailean ateak zabaldu zituela adierazi zuten, “beraz, tenisaren sekretuak bereganatu nahi duenak udal kirol instalazioetatik pasa daitezke.”
Honetaz gain, areto-futbol txapelketari esker elkartea sortu zela gogora arazi zuten. Egun 400 jokalari inguru biltzen dira asteburutan futbolean jokatzeko. Aurtengo edizioan 22 taldek eman dute izena eta hurrengo asteburuan denboraldi berriari hasiera emango diotela aurreratu zuten Ostadarreko ordezkariek.
XVI. Pala Txapelketa antolatuko dute ere Ostadarrekoek eta urtero bezala otsailean hasiko dela aipatu zuten.
Era berean, Ostadarreko ordezkariek gogoratu dute abenduan mendizaleek eta zikloturistek federatzeko aukera izango dutela.

Proeiktu altruista

Kirol proiektu hau modu altruista batean burutzen da 20 lasarteoriatarrei esker.
Lan talde honek helburu bakarra du, adin eta sexu desberdinetako herritarrek kirolak eskaintzen dituen onuretaz gozatu dezaten.
Ostadarreko arduradunek atal desberdinetan parte hartuko duten 2500 kirolari inguru espero dituzte aurtengo denboraldian.

Diru sarrerak

Ostadarrek eskaintzen duen kirol egitasmo hau aurrera atera dadin bolondresen lanaz gain, dirua ere behar du.
Horretarako elkarte-kideek ekimen desberdinak burutzen dituzte urtean zehar (txirrindularitzako porra, errifak, bazkide kanpaina, babesleak...).
Aurten Ostadarreko gorengo taldeak babesle berria du, Plagamania.com. Izurriteetako tratamenduetan hamabost urtetako esperientzia duen enpresa honek lantegia Urnietan duen arren, kapitala lasarteoriatarra du. "Ostadar Kirol Fundazioaren bitartez Lasarte-Oriako kirola sustatzea eta laguntzea erabaki dugu. Erabaki honekin herriko enpresek horrelako kirol egitasmoetan babesa eman dezaten nahiko genuke," adierazi zuten.
Honetaz guztiaz gain, Ostadarrek aurten lehen aldiz gabonetako loteria kaleratuko du.
Partizipazioak aurki Ostadarreko egoitzan eskuragarri izango dituzue 2,5 euroren truke (0,50 euro elkartearentzat izango da). "Lehen sariko zenbakia aukeratu dugu, 48.850", diote elkarteko ordezkariek parrez.