Konpostagunea aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 28a

Usurbilgo Udalak, ekainaren 30ean, hasieraz onartu zuen Atsobakarreko eremuko Arau Subsidiarioen aldaketa.
Aldaketaren helburua, aurrekoan bezala, Asteasuaingo kirol-ekipamendurako lur-zati baten erabilera aldatu eta hondakin organikoen konposta egiteko instalazio bat jartzea da.
Horregatik, Lasarte-Oriako Udalak alegazio bat egin zion Usurbilgo Udalak planteatutako aldaketa berri horri.

Kokapena

Eztabaidagai den lur zatia, Atsobakar auzoan Froilan Elespe parke botanikoaren ondoan dagoen gune berdea da.
Indarren dagoen planak erabilera tertziariorako edo Kirol Parke izan dadin xedatzen du, eta bertan ez da inolako eraikuntzarik baimentzen, kirolean aritzeko direnak izan ezik.

Aurrekariak

Aurrekariak errepasatuz, Usurbilgo Udalak Plan Partzialaren aldaketa bat onartu zuen apirilean, konposta egiteko ekipamendu publikoa jartzeko. Lasarte-Oriako Udalak alegazio idatzia egin zion honi. Ondorioz, aldaketa bertan behera uztea erabaki zuen Usurbilgo Udalak.

Behin betikoz onartzea
Honela, ostirala baino lehen, Lasarte-Oriako Udalak aipaturiko aldaketan atzera egin eta Bateragarritasun Plan bat idazteko prozesua aurrera eramatea eskatzen zion Usurbilgo Udalari.
Baina, ostiraleko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenaren arabera, irailaren 11an egindako Udalbatzarrean Usurbilgo Udalak hasierako aldaketari egindako bi alegazioak aintzat ez hartzea eta aldaketa behin betikoz onartzea erabaki zuen konpostagune ekipamendu publikoa ezartzeko.

Errekurtsoa jartzeko

Erabaki honen aurka, GAOn argitaratu eta hilabeteko epean, berraztertzeko hautazko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute partikularrek Usurbilgo Udalean.
Beste era, administrazioarekiko auzi errekurtsoa Euskadiko Justiziako Auzitegi Nagusiak Bilbon duen Administrazioarekiko Auzietako Salan aurkeztea da eta horretarako bi hilabeteko epea dago.
Baina, GAOn azpimarratzen den bezala, administrazioarekiko errekurtsoa ezingo da jarri espreski berraztertzekoa ebatzi edo ezetsi arte.