Lasarte-Oriako eliza, parrokia bezala duela 440 urte jaio zen, baina aurrenetik ba al du istoriorik?
Lasarte-Oria bazuen eliza, baina Donostiako Antiguoko dominikuek ziren lurralde honen administrariak. Zegokien ingurunean bizi zirenek bere ondasunetatik hamarrekoa eman beharra zuten eliza mantentzeko. Gainera, bataioak, ezkontzak, elizkizunak egitera ere Donostiara joan beharra zeukaten, horrek ekartzen zituen eragozpenekin. Momentu horretan, lasarteoriatarrek beraien eliza parrokia bihurtzea eskatu zuten, baina dominikuei ez zitzaien interesatzen, bertan lortzen zituzten hamarrekoak galduko zituztelakoan. Hemen jende gutxi bizi zen, 200 pertsona inguru, baina hala ere, dominikuek ez zituzten diru sarrera horiek galdu nahi. Garai horretan, Lasarte-Oria Iruñako erreinuaren barrutian zegoen, beraz, bertako gotzaina zen inguruko eliza eta parrokiak antolatzen zituenak. Hemengo biztanleak, gotzainarekin kontaktuan jarri ziren eta lortu egin zuten parrokia bezala izendatzea herriko eliza. Hala ere, ezin izan zituzten parrokia batek dituen ondasun, ondareak lortu, dominiku fraile horien eraginez. Hamarrekoa Donostiako dominikuek bereganatzen jarraitu zuten, eta parrokia hau, bertako biztanleek borondatez emandakoarekin aurre egin behar izan zuen. Hau izanik, Lasarte-Oriako parrokiak duen bitxikeria. Eta horrela ulertu daiteke, hainbeste urte dituen eliz honek zeinen itsua eta pobrea den.
Zer dela eta parrokiaren 440. urteurrena ospatu, zerbait berezia al du urte horrek?
Ez du motibazio berezirik. Ni hemen duela 2 urte hasi nintzen parroko moduan, harez geroztik nabil parrokia zerbait txukuntzen. Betidanik esan ohi izan da, elizaren pareta frontoia zirudiela, inolako atondurarik ez zituelako. Orain irudi batzuk jarri ditugu, gurutze bat ere goitik behera doana... beraz, berritutako guztia ezagutzera emateko, eta era berean elizaren istorioa ezagutzera emateko erabaki nuen ospakizun hau martxan jartzea.
Ze ekintza mota jarri dituzu martxan helburu hau lortzeko?
Hitzaldi bat antolatu genuen, historialaria den Agirresorondoren eskutik. Bertan, Lasarte zer den, bere antolamendua gizarte eta eliza mailan azaldu zituen. Don Manuel Lekuonaren idazkiak ere eman zituen ezagutzera. Parrokia eguna ere antolatu genuen, San Pedro jaiak ospatu baino aurreko igandean. Meza berezia antolatu genuen, koro gregorianista batek lehengo soinuak parrokiara ekarri zituelarik. Egun horretan ere, herri bazkaria antolatu genuen, eta bertan 100 pertsona bildu ginen Goiegin ospatutako bazkarian. Kontzertu ezberdinak ere eskaini ditugu parrokian, horrela mezetara etortzen den jendeaz gain, beste herritar batzuk ere hurbiltzeko asmoarekin.
Urteurren hau ospatzeko azken ekitaldia, Palestinara antolatutako bidaia izango da.
Zergatik erabaki zenuen bidaia Palestinara egitea?
Lurralde Santua da eta kristau erlijioaren barruan leku garrantzitsua dugu. Antzinatik hiru leku izan ditugu erromesaldi; Erroma, Santiago de Compostela eta Palestina bera. Aurreko urtean Erroman egon ginen, eta aurten Palestinara proposatu genuen. Bidai aproposak dira eliztarra den jendearentzat. Izan ere, elizan egunero ebanjelioa irakurtzen da eta entzunaren poderioz lekuen izenak eta pasarteak ikasten dituzu, baina lekua imajinatu egin behar duzu. Bidai honi esker, jendeak sakontasuna lortuko du, entzunak irudiekin lotuko dituelako, gaurko egoeran dauden moduan ezagutu arren. Honetaz gainera, bidai honi esker, leku bateko jendea, kasu honetan lasarteoriatarrak elkartzen dituzulako eta beraien harremana sendotu egiten delako.
Zenbat elkartuko zarete? Eta bertan zer ikusiko duzue?
50 pertsona izango gara orotara. Jende gehiagok parte hartu nahi izan duen arren, autobus bakar bat ziurtatu behar genuen, bertan gero zatituta ez ibiltzeko. Gainera, herriko semea den Perico Camarero Nuñez eta Lurralde Santuan fraile eta gidari dena, izango dugu azterkari. Orotara 8 egun egongo gara Palestinan, lau iparraldean, Israelen, eta beste 4 hegoaldean, Jerusalenen. Programa oso zabala dugu; Jesusen jaiolekua Belenen, bizilekua Nazareten, heriotza eta Kalbarioa Jerusalenen... Halaber, judutarren eta palestinoen kultura antzematen saiatuko gara. Kibutz-ak ezagutuko ditugu eta bertan ibili ere. Kibutzak judutar gazteak 1905. urtean sortu zuten bizimodu berria izan zen. Elkarrekin bizitzeko, lurra lantzeko... antolamendu sozialistan antolatu ziren, kooperatiba baten antzera. Jerico ere ezagutuko dugu, munduan dagoen, arkeologikoki, herririk zaharrena. Itsasotik 300 metrotara dago eta bertan, bero izugarria egiten du.
Basamortuan ere ibiltzekoak gara, Gazara inguratuz, baina bertan sartu gabe.
Ekintza ugari, baina zein da zure funtsa nagusia?
Ideia berri bat plazaratzea. Hau da, parrokiak, kultur etxe baten antzera funtzionatu behar lukeela. Gure egin beharra beraz, ekintza ugari antolatzea da, gero jendea etortzen den ala ez beste gauza bat da, baina gure lana horretan dihardu behar du. Pena izugarria emango lidake parrokia bat hiltzen ikustea ezer egin ez delako, gauzak antolatu behar ditugu, baina gure sailekoak noski. Normalean elizara etortzen ez den jendeari bideratutako tailerrak antolatu behar ditugu, hori dut erronka moduan. San Pedro parrokia bizi-berritzen eta hil ez dadin saiatuko naiz.