Ekitaldia hasteko Ttakun Kultur elkarteko Mailu Arrutik Patxi Etxeberria modu berezian aurkeztu zuen ipuin bat kontatuz: "60. hamarkadan Lasarte jendez betetzen hasi zen, etxeak egin eta egin, garai hartan etorkin uholde handia etorri zen, andaluzak, gallegoak, kastellanoak, asko extremeñoak,... baina beste etorkin mota bat ere bazegoen Lasarten, Euskal Herriko beste tokietatik etorritakoak, asko nafarrak, baita, Asteasu, Aia, Orio, Aginaga, Usurbil edota Igeldo aldeko baserritarrak. Horietako batzuk Kultur Etxearen ondoko auzo honetan bizi ginen eta euskaldunak hain gutxi izanik, elkar ondo ezagutzen genuen. Horietako bat da Patxi, “Pescaderia Ignacia” zeukaten auzo honetan, oso auzo bizia zen, jendetsua, famili berriak etorri ziren, ume asko, zarata... Urtetara jakin dugu auzoari "El Bronx" deitzen ziotela, New York-eko beltzen auzoari bezala, eta guretzako Patxi urte askoan arrandegia zeukalako "Pako" arrantzalea izan da, Bronxeko Pako arrantzalea".
Ondoren hainbat opari jaso zituen Patxi Etxeberriak eta txandaka aritu ziren bertsotan Garmendia, Lazkano, Joxe Agirre, Azpillaga eta Koxme Lizaso. Gaiak beste hiru bertsolariek jartzen zizkien askotan umorez. Esaterako agurra eskatzerakoan Egañak mutil deitu eta hain zaharrak ez direla bota zien, "...altxa mutilak bost agurrekin zergatik ez gara hasten, beteranoak ditugu baina nik parrez ditut ikusten, bosten artean 400 urtera ere ez dira iristen".
Etxeberriaren garaikoak
Gero Irazuk Txomin Garmendiari biek meza osteko saio bat egiteko proposatu eta ederki moldatu ziren librean. Ondoren Lazkanok Unai Muñoaren galderei erantzun zien, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano puntuka luze aritu ziren, eta baita gero Txomin Garmendia eta Jon Azpillaga ere bikoteen arteko gorabeherei buruz, Unai Muñoak zera galdetu eta gero: ia zer duen hobe, orain ezkondu edo Txomin bezala zahartuta. Oiartzungo Koxme Lizaso Irazurekin aritu zen besteak beste baserri giroari buruz. Lagunarteko giro polita izan zen, bertsolariak tartean direla beti agertzen dute euren mingain zorrotza eta bertso bikain ugari entzun ziren.
Bertso saio hauen tartetan, opariak emateko aukera izan zuten erakunde eta talde ezberdinetako ordezkariek. Horrela, Foru Aldundiaren izenean herriko zinegotzia den Estitxu Alkortak liburu batzuek eman zizkion. Hitzaldian ez zuen luzatzerik izan, aurkeztean Egañak baldintza bat jarri eta gero, "laburragoa izan dadila A-8ko obra baino".
Egaña aurkezleak bertsotan "Patxi jaioterrian ez zaituzte ahaztu" esan eta Orioko Udalaren izenean, Iñaki Iturain Euskara Batzordeko buruak detaile politak izan zituen. Batetik azkenengo aldiz Etxeberria bikotea, horiz jantzita Igeldon Kontxako estropaden bigarren igandean ikusi zuela kontatu eta gero, Orioko herriak dioen "estimazioaren adierazgarri" plakatxo batean Oteizak modu bitxi xamarrean eskuz idatzitako Orio hitza eta ondoan Xabier Sukiak egindako bertsoa oparitu zien. Iturainek berak kantatu zuen: "Angula bezain preziatua ez al da zure ahotsa, antxoa bezain ugaria da Patxiren errima poltsa, bixiguaren kategoriaz, prestatzen duzu oholtza, doinu bizi puntu motza, amua bezain zorrotza, entzun Orio taupa taupaka Etxeberriaren hotsa, Errezabaldik guri bertsotan bizi da zure bihotza".
Arrain usaina
Geroago Sukia bera, Ibai Ekisoain eta Egoitz Eizagirrerekin batera igo zen oholtzara arrain kaxa batekin. Errikotxia bertso eskolako kideek arrainekin batera bertso-bana oparitu zioten batek Benito Lertxundiren "Itsasoari begira" doinuarekin. Arraindegi eta arrainak hartu zituzten gaitzat. Andoni Otamendik fregona pasa behar izan zuen arrain kaxatik erortzen zen ura jasotzeko, baina arrain usaina ez zen lehen lerroetatik saio osoan joan.
Hurrengo Zumaiako bertso eskolaren izenean Juanito Dorronsoro bertso zale eta doinu biltzaileak txapela oparitu zion, urtetan ikastolaren alde santa eskean aritu zela eskertuz.
Ondoren Lasarte Oriako Udalaren izenean, Ricardo Ortega eta Ana Urchueguia igo ziren oholtzara. Herriko artista batek egindako erretratua oparitu zioten eta Rikardok Patxi Etxeberria herrian "eredu izateagatik" zoriondu zuen eta bertsolaritza eta hizkuntzarengatik "egindako guztia" eskertu zion.
Makila eta bertsoa
Gaur egun Lasarte-Oriako bertso Eskolak direnak eta duela urte batzuek aritu izan direnak ere igo ziren oholtzara, guztira 20 lagun inguru. Joxe Kruz Labakak, Xabier Lasarentzat txalo bat eskatu zuen, oso txukun jaso duelako liburuan Patxi Etxeberriaren bizitza eta ibilbidea.
Era berean, omenaldia antolatzeko eta liburua argitaratzeko jotako ateak parez pare ireki zaizkiela jakinarazi zuen laguntza eman duten guztiei eskerrak emanaz. Bertso Eskolak aginte makila oparitu zion Patxiri eta ondoren Ane Labakak bertso polita abestu zuen: "...gaur goiz goizetik denen ahotan Patxi, Patxi eta Patxi, berak adina merezi duzu bejondeizula Iñaxi" bukatuz.
Patxiren eskertza
Patxik amaieran kantatu zuen, hasteko Unai Muñoarekin batera hiru bertsotan guztiei eskerrak emanaz. "Egun honetaz ez naiz ahaztuko burua dudan bitarte" bukatu zuen bigarrena. Gure maixua izan zera zu, eskerrik asko aitona" erantzun zion Muñoak.
Patxi Etxeberriaren bost kantu kide "gazteen" agurrekin, Patxik berak Intzara bazkaltzera joateko egindako gonbidapenarekin eta Agur jaunak kantatuz bukatu zen Kultur etxean 12etan hasita, ordu eta erdi luzatu zen ekitaldia.
Meza, saioa eta bazkaria
Baina gauza gehiago izan zen atzo: 11etan meza eman zuen San Pedro parrokian Unai Manterola Orioko bertso eskolako kide den apaizak, bertsolaritzaren alde ona nabarmenduz: errespetorik galdu gabe eta inor zapaldu gabe izan daitekeelako iritzi ezberdina. Jon Azpillaga etaTxomin Garmendiak kantatu zuten mezan eta ohikoa ez bada ere elizan txaloak entzun ziren. Elizatik trikitilari eta panderojole baten laguntzaz kalejiran joan ziren Kultur Etxera.
Lehen lerrotik jarraitu zuen ekitaldi eta bertsoak Ana Urchueguia alkateak eta beste bost zinegotzik, Jesus Zaballos, Jone Altuna, Ricardo Ortega, Estitxu Alkorta eta Ana Isabel Prietok. Bertsozale elkarteko idazkari Iñaki Murua, hainbat bertsolari,... telebistako hiru kamara, hainbat mediotako argazkilariak, zalantzarik gabe oihartzuna izan zuen omenaldiak. Eliza zein Kultur Etxea ia bete egin ziren.
Eta Intza elkarteko bazkarian giro ona eta bertso gehiago izan ziren: Imanol Lazkano eta Iñaki Murua, Juan Mari Narbaiza eta Xabier Amuriza, Ebaristo Pikabea eta azkenik Andoni Egañak eman zion errematea, segidilla doinuan bazkarian zirenei kantatuz. Elkarteko Patxi Begiristainek ere opari bat eman zion Patxi Etxeberriari.