Lagunartean egon zaretela diozu, garbi ikusi da bietan maite zaituztetela, Orion eta Lasarte-Orian...
Bai Oriokoak ere zoragarri portatu dira. Unai apaizak berak gaur eman beharko zituen hiru bat meza eta moldatu da. Oso polita eta laburra izan da meza ere. Bertsolariak ere portatu dira. Dena izan da zoragarria.
Arraina jan beharko duzue, oriotarrek ekarria,...
Bai, legatza, xapoa eta bixigua, handiak. Hori badakizu lehen bait lehen jan beharreko gauza dela eta hitz egin beharko dugu familiarekin.
Iñaxi emazteari bertso oso politak kantatu dio Ane Labakak...
Zoragarria izan da Anerena, izugarri gustatu zait. “Niri ere bai (Iñaxik)” Badakit nik Anek zer maila daukan eta nola egiten duen bertsotan, baina izugarria izan da, oso ona nire iritzirako. Eman dizkiot bi muxu, eta oso ona izan dela esan. Orduantxe izan dut horrelako emozio puntu bat.
Zein oroitzapen etorri zaizkizu omenaldiko une horietan?
Aspaldikoak, urte askotan han eta hemen ibili gera eta. Mila gauza gogoratu ditut, baita etxean zain egon dena ere. Askotan ez ginen konturatzen baina etxean ordu askoan urte askoan zain,... denetarik izan da, goiz joan eta berandu etorri, sarri.
Liburuaren aurkezpenean esan zenuen ahal duzun bitartean jarraituko duzula bertsotan...
Jakina edadean aurrera gaude eta ez dago noski luzaroan ibiltzerik. Gero nahiz eta gaur ondo egon, bihar igoal kaxkartu, edozein gauza gertatu daiteke. Ez daukagu indarrik lehenago bezala, ezta gutxiagorik ere, baina ondo nagoela, esaten badidate eta zerbait egin badezaket, nirekin konta dezatela, ni gustura joango naiz. Soldatarik baldin bada, gustura... eta ez baldin bada ere berdin, ahal badut zerbitu...
Behin omenaldia jasota, zer gogo ematen du erretiratzekoa ala jarraitzekoa?
Niri oraindik ez zait gogoratu erretiratzerik. Kortak esan zuen lehengoan, "erretiratu, niri hori ez zait oraindik burutik pasa" eta Korta ni baino askoz ere gazteagoa da baina nik ere ideia berdinak dauzkat. Ni orain bezala baldin banago, badakit behar bada ez nukeela hemendik aurrera ibili behar, baina norbaitek deitzen badu zerbaitengatik deitzen du eta joateko moduan egonez gero ni joan egingo naiz. Ez dakit zenbat denboran baina,... “Hori ez du inork jakingo.. (Joxe Agirrek)”. Hori horrela da, orain nola gauden badakigu baina bost minutu barru nola egongo garen inork ere ez daki.
Omenaldia bat bizi dela egitea hobe ezta?
Bai noski, bizirik gauden bitartean konturatzen gara zer egiten ari zaizkigun, gero ez gara konturatuko eta. Egiten duenak maitasun osoz egingo du, baina nire ustez hau eskertzekoa da oso, estimatzeko moduan gaude eta oso gustura gaudela esateko ere bai. Hau nik uste gauza handia dela. Hor dauzkagu eman dizkiguten liburuak, eta bastoia ere hor daukagu laguntzeko.
Liburua zer moduz, polita geratu al da zure iritziz?
Nik zer esango dizut? Bilatuko nizkioke niri gustatzen ez zaizkidan gauzak. Oker eta hanka sartzeak egongo dira, baina esan didate ondo dagoela. Eta horiei sinestu egiten diet. Hor dago eta denbora izango da testigu. Irakurtzen duenari gustatzen bazaio bale eta gustatzen ez bazaio barkatu dezala.
Bronxeko arrantzalea deitu dizute gaur, zer iruditu zaizu?
Hori ez dut ondo ulertu.
Bronx New York-eko auzo gatazkatsua da, liskar asko egoten dena...
Ah izen hori jarri zioten gure barrioari. Nik ez nekien hori.
Nik aditu ez baina hori pentsatu dut. Barrioan Paco esaten diote eta alderdi honetan denak Patxi. (Iñaxik).
Ondo iruditu zait. Gu Oriotik etorri ginenean, Lasarte ez genuen ezagutzen ez Iñaxik eta ez nik. Oso bertan gaude, baina garai hartan guretzat urruti zen, Orduan guretzako berria zen, inor ezagutzen ez genuela etorri ginen eta, geure egun on eta txarrekin, baina jendeak oso ondo hartu gintuen. Alde horretatik suerte izugarria izan dugu. Arraindegi koskorrean denetarik izan dugu, bai euskaldunak, bertakoak eta ez dakit nondik etorritakoak ere bai. Denei ahalik eta ondona egiten saiatzen ginen. Askok esan digute jubilatu eta gero, zer falta somatzen duten. Poza ematen du. Ia 45 urte egin genuen, gure bizitza, bata bestearekin ulertuz, xamustasunarekin. Lasarten oso ondo hartuak izan gara eta hori ezin da ordaindu.
Hauxe zen dena, zerbait gehiago esan nahi baduzu...
Eskerrak eman denoi. Lasarte guztiari, Oriori eta inguru guztiari, Euskal Herri osoari esan daiteke. Gaur leku askotakoak etorri dira, denei eskerrak eta maitasunez agur bat bidaltzen diet.
Mila esker zuei Iñaxi eta Patxi.