Martija anaiei omenaldia

Txintxarri Aldizkaria 2009ko irailaren 30a

Urriaren 17an, omenaldia egin nahi zaie hainbat urtetan Sasoeta-Saustatxo futbol taldeko entrenatzaile lanetan ibili ziren Jose eta Iñaki Martija anaiei.
"Urte askotan talde ezberdinak entrenatu zituzten eta Jose eta Iñakiri eskerrak emateko modu bat da. Guztiok hazi gara haiei esker eta gure eskertza erakusteko ordua da," azaltzen dute omenaldiaren antolatzaileek.
Honela, urriaren 17an, futbito partida jokatuko da eta ostean bazkaria antolatu da entrenatzaileen ohoretan. "Ordua eta lekua zehazteko dago oraindik, baina eguna hurbildu ahala jakin araziko dugu," esan digu antolatzaileetako batek.

Bloga

Antolatzaileek 1978 eta 1992 urteetan zehar talde ezberdinetan parte hartu duten jokalariak bildu nahi dituzte. “Gutxi gora behera 200 bat izan gara haien zuzendaritzapean jokatu dugunak,” esan digu.
Horretarako blog bat argitaratu zuten uztailean, www.loschicosdemartija.blogspot.com.
Bertan omenaldiaren zergatia azaltzeaz gain, oroitzapenetarako tartea ere badago. Izan ere, talde eta lehiaketa ezberdinetako argazkiak ikusi baitaitezke bertan, San Pedro jaietako torneo, Donostiako Kontxa hondartzako lehiaketa, etab.
Eta, honetaz gain, omenaldian nola parte hartu ere azaltzen dute bertan. "Omenaldian parte hartu nahi duenak blogera sartu eta bertan aurkituko du azaldua non eta nola eman dezakeen izena partida eta bazkarirako," aipatu digute antolatzaileek.
Beraz, Martijatarren mutilak izan zaretenok animatu eta sartu blogean, urriaren 10era arte duzue izena emateko.