Atez ateko zabor bilketa kolokan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urr. 1a, 02:00

Atez ate zaborra biltzeko egitasmoa ez da Lasarte-Orian martxan jarriko, Ezker Abertzaleko zinegotziek salatu dutenez. Iazko martxoan Udalak, gehiengo osoz, (soilik PPk eman zuen aurkako botoa), ontzat hartutako erabakia bete dadila eskatzen dute Joxe Goikoetxea, Txanpi Baztarrika eta Itziar Iartza zinegotziek. Argi eta garbi esan dute: "Gobernu batzordean sortu diren desadostasun politikoak tarteko, Lasarte-Orian ez da atez ateko zabor bilketarik egingo".

Lasarte-Oriako Udalak ez du oraindik atez ate zaborra biltzeko sistema Lasarte-Orian jarriko ez denik esan, baina ezker abertzaleko zinegotziek argi dute. "Espero genuena iristear dago, ez da atez ateko zabor bilketarik egingo. Gure ustez nahiko argi dago PSE-PSOEk ez duela inongo borondaterik atez atekoa aurrera eramateko, beraien indarrak bosgarren ontzian (zabor organikoa) jarrita daude errausgailuarekin batera, hori bai herritik kanpo" salatu dute prentsaurrekoan.
Zinegotzi hauek prest agertu dira proiektuari bultzada emateko. Ricardo Ortega EBko zinegotzi eta ingurumen batzorde buruari esaten diote "zezenari adarretatik" heltzeko eta "lanean serio" hasteko: “Apustu honetan zuk nahi baduzu edo uzten badizute (nahi eta ezinaren azpian ez izkutatu) bide lagun izango gaituzu atez ateko bilketan sinisten dugun guztiok”.
Dena den, Baztarrika, Goikoetxea eta Iartzaren iritziz, EBko zinegotzia "momentu honetan indar eta ahalmen gutxi duen boto bat besterik ez da gobernu batzordean. Martxoan esan genuen eta berriro esango dugu: hasiera hasieratik zuloz beteriko saski bat oparitu diote, non hitz politak sartu ahala, zuloetatik galtzen diren". Martxoan jada salatu zuten ez zela atez atekoa aurrera eramateko plangintzarik.

Plangintza sinesgarria

Euren ustez, beste salaketa batzuk egin dituztenean gertatu den bezala "erantzuna gezurretan ari garela izango da, baina oso erraza daukazue gure argumentuak hankaz gora jarri nahi badituzue; aurkeztu lehenbailehen plangintza sinesgarri bat, urtea bukatzear dago eta".
Hiru zinegotzi abertzaleek 2008an gehiengo osoz hartutako erabakia betetzeko eskatzen dute eta "batzordeetan ematen ez dituzten argibideak" publikoki emateko ere bai. "Nola gure ustetan ez bata ez bestea ez dituzuen egingo, uste dugu iritsi dela garaia alderdi bakoitzak bere alternatibak mahai gainean jarri ditzan espektatiba faltsuak zokoratu eta herria lozorrotik atereaz".
2008ko martxoaren 5ean onartu zen gehiengo osoz Lasarte Oria Bizirik herri plataformaren mozioa: atez ateko sistema ezartzea, herritarren artean hondakinen inguruko inkesta zabala egitea eta auzo batzuetan esperientzia pilotu bat aurrera eramatea, gerora udalerri osora zabaltzeko ideiarekin. Azterketa Artelatz enpresak egin du eta "oso interesgarria" da Baztarrika, Iartza eta Goikoetxearen ustez.

Zertarako gastuak

Orain, proiektua kolokan dagoela ikusita ezker abertzaleko zinegotziek galdetzen dute zertarako egin diren Agenda 21 lantaldearen hainbat bilera, zertarako gastatu diren 50.000 euro azterketa egiten eta 300.000 euro zabor ontziak lur azpian sartzen.
Prentsaurrekoan jakinarazi zutenez, uztailean jada Ortega eta Urchueguia alkateak iritzi ezberdinak zituzten, Ricardok hiru auzotan atez atekoa martxan jartzeko asmoa aipatu zuen bitartean, Urchueguiak, aldiz, partzuergoaren datuen arabera zabor organikoa biltzeko ontzia oso emaitza onak ematen ari dela eta aztertu beharreko datuak omen direla.
Irailean argitaratu da prentsan Hernani eta Oiartzun hurrengo urtean hasiko direla atez ateko bilketarekin, eta Lezo, Urnieta eta Lasarte-Oria aztertzen ari direla. Ingurugiro batzordean honetaz galdetuta, Gobernu Batzordearen baitan desadostasunak daudela izan zen Ortegaren erantzuna. Dudarik gabe egitasmoa, inpasse batean dago: bilerak ere etenda daude.