“Maialenek irabaztea gustatuko litzaidake”

jon-altuna 2009ko urriaren 1a

Bihar larunbata hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia Zestoako Uztapide plazan dagoen Gurutzeaga pilotalekuan, arratsaldeko 17:30ean. Eta bertan izango da Lasarte-Orian jaiotako Miren Artetxe bertsolaria. Hurrengo igandean hilak 11 Amaia Agirre, herriko bertso eskolako irakasle eta Ostadarreko atezain ohiak kantatuko du Bilbon eta hilaren 17an Unai Muñoak Uztaritzen. Gaur Miren Artetxe ekarri dugu orriotara.

Miren Artetxe Bertsolari Txapelketa Nagusian partaide, larunbatean, 3an, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan, 17:30ean

Arabako Birgara Barren herri txikian bizi da Miren Artetxe egun, han eta hemen ibili eta gero. Lasarte-Orian jaio zen, baina 5 urterekin Hendaiara joan zen bizitzera. Gerora ikasketan zirela medio Gasteizen eta Bartzelonan bizi izan da. 24 urte ditu, Euskal Filologia eta hizkuntzalaritza ikasi ditu, Hendaia eta Oiartzungo bertso eskoletan aritu da, orain Birgara Barrengoan dago eta Hamaika Bertuteko kide da. “Bertsolaritza txikitatik bizi izan dudan zerbait da, gustatzen zaidan jolas bat. Bat-batekotasuna gustatzen zait, komunikatzeko era berezi hori, hitzekin jolaste hori, eta baita bertsoaren aitzakian izaten diren mila kontu ere, baina ez dut nire burua bertsolari bezala ikusten. Bertsolaritza zaletasun bat da” kontatu digu Miren Artetxek.
Beraz, ez du gehiegi kantatzen: “Azken urteetan ez dut saio askotan kantatzen. Ezta hilabetean behin ere, nik uste. Eta hala nahiago, benetan. Toki batera kantatzera joatekotan, gogoz joan nahi izaten dut eta ez konpromisoz. Bertsolari batzuk saio asko gogoz egiteko gaitasuna dute, baina nik bi astetik behin bertso saiotara joaten ibiltze hori, ez daramat oso ondo. Nahiago asteburuak libre izan eta gogoak ematen badit nagoen tokian kantatu. Hori bai, saio bat hartzekotan, nahiago bertsolari ezagunekin, lagunarteko zerbait, jaialdi handi bat baino.
Bertsotan noiz eta nolatan hasi zinen?
Txikitan hasi nintzen, 9-10 urterekin, Hendaiako ikastolan izaten zen bertso-eskolan. Etxean beti izan da hitzarekin jolasteko zaletasuna, aitonak aitari pasa, eta aitak niri. Nahiz eta ez den izan herentzia tipoko transmisioa.
Nik banekien etxean zaleak zirela, eta nik ere gustuko nuen kotxean aitarekin puntuka aritzea, errimatu gabe, zentzurik gabe, baina hantxe, denbora-pasa...
Bertso eskolan hasi nintzen, talde polita geneukan, lehenengo bertso-parrandak iritsi ziren... eta akabo, konturatzerako bertsotan nenbilen.
Euskal Herriko txapelketan kantatuko duzu, lehen aldia al da?
Ez, aurreko Euskal Herrikoan kantatu nuen lehen aldiz.
Jada hilabete batzuk lortu zenuen txapelketan kantatzeko txartela, nola joan dira hilabete hauek? Nola ikusten duzu zure burua? Puntuan al zaude bertsotarako?
Ba egia esan ez dut prestakuntza berezirik egin hilabete hauetan.
Aurtengoan esan nuen prestatuta joateko asmoa neukala, merezi zuela hainbeste, ez dela plana eskolarteko txapelketetako garaiko lau errimekin joatea Txapelketa Nagusira... baina azkenean gauza bat dela eta bestea dela, ez dut burua honetan eduki.
Hala ere espero dut desastre ez aritzea nire saioan, nire buruarekin lasai geratzeko, eta ez pentsatzeko hobe nuela beste bati nire tokia uztea.
Zein gogorekin aterako zara kanporaketa saiora?
Ba esan bezala, nire helburu bakarra da oholtzatik jaistean nire buruari ez esatea "Kaka. Hobe zuen Ekhi Erremundegik kantatu nire partez!". Nahiz eta beharbada egia izan.
Ea lasai xamar kantatzen dudan larunbatean eta zerbait esaten dudan, bertso hutsik bota gabe. Hori lortuz gero nahikoa!
Urduri jartzen hasi al zara jada? Nola lortu daiteke aldarte onean igotzea oholtza gainera?
Ba oraindik ez naiz urduri jarri. Ez naiz jarri. Baina pentsatzen dut etorriko dela hori ere.
Zenbat eta
beranduago hobeto!
Nola prestatu duzu txapelketa? Zerbait berezirik egin al duzu?
Ba egia esan, ez dut prestakuntza berezi-berezirik egin. Ostiralean etxekoekin daukat bertso-eskola intentsiboa (tentsiorik gabekoa), eta hori izango da egingo dudan gauza bereziena. Ez nago harro, baina halaxe da, burua ez dut txapelketan zentratuta izan azken hilabeteetan, naiz eta urriaren 4ko data tartean behin burura etorri.
Beteko al da berriro BEC? Osasuntsu al da bertsolaritza?
Pentsatzen dut beteko dela BEC.
Ez dakidana da horrek
esan
nahi ote duen bertsolaritza osasuntsu dagoela.

Seinale ona litzateke bertsolaritzarentzat, baina jarduera herrikoi baten kasuan, osasuntsu egotea momentu puntual batean konbokatoriarako kapazitate erraldoia edukitzea baino askoz gehiago da.
Zein zortzi bertsolari izango dira finalean? Sorpresarik izango al da?
Ez dut ideia handirik. Suposatzen dut Egaña, Lujanbio, Elortza, Iturriaga eta Arzallus bertan izango direla dudarik gabe, eta hor toki gutxi gelditzen da jende askorentzat. Poztuko nintzateke sorpresaren bat egongo balitz, baina hortik aurrera ezin dizut pronostiko zehatzago bat eman.
Nor izango da txapeldun? Eta zeinen alde egingo duzu zuk?
Komeni Egañak txapela galtzea. Edo hobeto esanda, beste batek irabaztea. Nik uste Egañak berak ere hala nahiko duela. Baina nork daki nor ibiliko den aurrekalde horretan burrukan. Maialen izatea gustatuko litzaidake. Uste dut bertsolaritzarentzat aukerarik onena litzatekeela. Baina porra irabazteko helburuarekin apustu egin behar banu, Egaña ez den norbaitengatik, Ametsengatik egingo nuke (Iñigo Izagirreren iritzia plagiatuz).
Oro har, ze moduzko maila dago? Estua izango al da finala?
Ba maila sekulakoa da. Pentsa, jendea horretarako bizi da. Edo horretatik behintzat. Edo horren inguruan. Punta-puntan dabiltzanak pentsatzeko makina batzuk dira eta prestatuta joango dira. Bertso-maila ikaragarria izango da, gozatzekoa. Ea formaz eta edukiz harritzen gaituzten.
Zu kasualitatez sartuko bazina,... ze litzateke zuretzat?
Marroi ikaragarria! Bertsokera ona dudanaren seinale litzateke aldi berean, eta alde horretatik ohore handi bat, baina, printzipioz marroi bat. Baina lasai, kasualitate handiegia litzateke eta hori!
Hau da guztia, beste ezer komentatu nahi?
Aupa Muñoa eta Agirre!•