Atez ateko zabor bilketa kolokan dagoela uste du ezker abertzaleak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urr. 2a, 02:00

Ezker abertzaleak prentsaren aurrean salatu du atez ateko zabor bilketa sistema ezartzeko eta esperientzia pilotu bat aurrera eramateko asmoak kolokan daudela, udal agintariek horretarako borondate askorik ez dutelako. Zinegotziek salatu dutenez, Udal Gobernuan direnek ez dute inolako plangintzarik sistema berria eta esperientzia pilotua aurrera eramateko. Era berean zenbait kontraesan ikusten dituzte Udalaren zereginean, zabor ontziak lurperatzen ari dira 300.000 euroko aurrekontuarekin, inkesta bat egingo da herriko 470 famili artean, 50.000 euroko aurrekontuarekin, "baina zein da hurrengo pausua? Zein da abiapuntua eta zein helmuga?" galdetzen dute ezker abertzaleko zinegotziek.
Hiru egun barru beteko da urtea herrian atez ateko zabor bilketa sistema probatu eta martxan jartzeko bidea zabaldu zuen udal erabakia hartu zenetik.

Ia aho batez onartua

Lasarteko udalak 2008ko martxoaren 5ean, gehiengo osoarekin, Lasarte-Oria bizirik herri plataformak aurkeztutako proposamena onartu zuen, (alderdi popularrak izan ezik denek eman zuten aldeko bozka). Honela, Atez ateko sistema ezartzearen eta zabaltzearen aldeko jarrera adierazi zuten eta baita, aurrena herritarren artean hondakinen inguruko inkesta zabal bat egin eta ondoren esperientzia pilotu bat aurrera eramateko asmoa ere. Hau da, sistema herriko parte batean probatu eta etorkizunean udalerri osora zabaltzeko ideiarekin.
Urtea betetzear dela, ezker abertzaleko zinegotziek salatu dute ez dagoela "inongo plangintzarik zehaztuta". Beraien iritziz, "argi eta garbi esan behar dugu gobernu batzorde honen (argiago esanda, alderdi sozialistaren) arazo eta asmo bakarra bide administratiboetatik aurrera eginda, errausgailua nola edo hala Zubietako gainetatik kentzea dela".
Ezker abertzaleko zinegotziek jakinarazi dutenez, Ricardo Ortega batzorde buruak azken bileran aitortu zuen plangintza falta eta denen artean plangintza bat egiteko proposatu ere bai. Ezker abertzalearen ordezkariek publikoki erantzun diote erronka horri, zera esanaz, prest daudela "guztion artean plangintza ausart eta egingarri bat" martxan jartzeko, baina bi baldintzekin: "batetik Ana Urchueguiaren baiezko argia eta sinatua beharko luke izan. Ez dugu uste inor denbora alperrik galtzeko prest dagoenik. Argiago esanda, talde honek oztoporik gabeko ibilbidea izan beharko luke eta bestetik, guztion artean diogunean, alderdi politiko, auzo elkarte, Lasarte Bizirik Taldea ea.. diogu".

Ausardia eta kontraesanak

Ricardori ausarta izateko eskatzen diote, "ez hutsik egin lanean buru belarri dabilen jende multzo handi horri. Goazen kudeaketa eredu berri bat poliki poliki martxan jartzera. Ezker abertzaleko zinegotziok eta herritar konprometituak zain gaituzu".
Kontraesan nabarmenak ikusten ditu ezker abertzaleak bestalde Udalaren jokabidean. Batetik 300.000 euroko aurrekontuarekin, zabor ontziak lurperatuko dira herri osoan. Jadanik ari dira zeregin honetan zenbait kale eta auzotan. Bestetik, Ricardo Ortega eta Iñaki Mugika udal ordezkariak, San Markoseko teknikariarekin batera, atez ateko bilketa probatzen hasteko esperientzi pilotoa non ezarri litekeen aztertzen aritu dira eta posible ikusten da N1 autobiaren goiko-aldean ezartzea, hau da: Zabaleta, Arranbide, Kotxeras, Oria...

Inkesta herritarren artean

Era berean, ingurugiro entrepresa batek, herriko 470 familien artean inkesta bat egingo du eta sentsibilizazio kanpaina eramango du aurrera, 50.000 euroko aurrekontuarekin. Maiatza-ekainean bukatuta egotea aurreikusten da. Eta azkenik, bere bidea jarraitzen dute jarri diren helegite administratiboek.
Zaborren arazoaren konponbidea horrela izanik ezker abertzaleko ordezkarien ustez "erraza da errausgailurik ez esatea, baina aurrera begira zer? Nolako kudeaketa eradua aurreikusten du gobernu batzorde honek. Berriro diogu ez dago inongo plangintzarik".
Ezker abertzaleko zinegotziek diotenez, Ricardo Ortega, ingurumen batzordeko buruak, onartu du azken bileran plangintzarik eza, eta berak atez atekoa Gobernu taldean lotuta duela esaten badu ere ez dute hain argi. "Ricardo, sinesten dizugu,(edo sinestu nahi dizugu) zuk benetan sinisten duzula zabor kudeaketa eredu berri batean, baina aitortu behar duzu, indar gutxi duzula gaur egungo gobernu batzordean, benetan zartagia kirtenetik duena alkate andrea dela, bai batzorde honetan eta beste guztietan. Ana Urchueguiaren baimenik gabe ez dela inongo erabakirik hartzen eta punto. Gure ustez jostailu bat eman dizute, berarekin jolas egin dezazun, eta bitartean mutikoak bezela entretenituta egon zaitezen".
Bestalde, ezker abertzaleko ordezkariek ez dute Lasarte-Oriako alkatea kudeaketa eredu berria aurrera eramateko patroi konbentzitu eta konprometitu gisa ikusten, Katalunian gertatzen den bezala. Ez dute uste beharrezko gogo eta indarrik duenik.