Gizonegiak al gara?

pablo-barrio 2009ko urriaren 2a

Esan nahi dut, gizonegiak al gara kultur ekintzetan parte hartzeko? Aurreko egunean gertatutakoaren harira dator galdera. Urtean zehar herrian euskaraz antolatzen diren kultur eta aisialdirako hainbat jardueren berri emateko prentsaurreko bat egin zuen Ttakun Elkarteak. Argazkia ateratzerakoan batek bota zuen harria: hamaika lagun bildu baginen, horietatik gizonezkoak bi bakarrik. Bi eta erdi, askoz jota; bertso eskolako partaide bat bazegoen, erdibituta baina, kazetari lanetan ari baitzen aldi berean.
Ez da gauza berria. Salbuespenak beti daude, eta arlo batzuetan besteetan baino gehiago, baina oro har, kultur ekintza batean muturra sartu eta askoz emakume gehiago topatuko dituzu gizonak baino. Antzerki eta dantzaren kasuan nabarmena da. Gurean ditugu adibideak: antzerki taldetako batean suhiltzaile bat eta bederatzi emakume ari dira; bestean antzeko parezido, baina suhiltzailerik gabe; su arrisku gehiago, beraz. Dantza garaikidean, nola esan... gizonegiak? Arrazoiak? Pentsatzeko jarri dut nik galdera, ez erantzunak emateko.
Bukatzeko. Egon zen une polit bat prentsaurreko horretan, txaloren bat sortu zuena. Nik, dio! ez dakit gizonegia edo motelegia, ez nuen asmatu txalo ziztrin bat ere egiten. Inbidia emateko euskara sueltoan kontatu zigun Veronicak nola bi urtetan euskaldundu den. Bi urtetan. Nik bi hamarkada behar izan ditut. Berandu, baina, muxu bat Veronica.