Edukiontziak arte-euskarri bihurturik

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 2a

Hondakinen kudeaketa-sisteman atez atezko gaikako bilketa martxan jarri denetik, edukiontzien lekua hartu du esekitokien sistemak.
Edukiontzi zahar asko gordeta zeudenez, Bilbo Cow Parade'07 edo Berlin Bear Parade'08 ekitaldien antzeko emanaldi artistiko bat antolatu du San Markos Mankomunitateak, Reziklarte.
Honela, edukiontziak arte-euskarri bihurtu nahi dituzte lehiaketa honen bitartez, eta halaber, gaikako bilketaren eta birziklatzearen inguruko kontzientziazio kanpaina bultzatu.

Lehiaketa sistema

Lehiaketarako deialdia irekia izango da, eta parte hartu nahi dutenek zirriborro bat aurkeztu behar dute, urriaren 5a baino lehen.
18 urte beteta izatea baino ez da eskatzen eta banaka zein taldeka aurkeztu daitezke parte-hartzaileak.
Inskripzioa egiten dutenen artista guztien artean aukeraketa bat egingo da, azkenean 26 parte-hartzaile geratuko direlarik. Aukeraketa honetan, arte-irizpidez gain balioetsiko da hondakinekin, gaikako bilketarekin, birziklatzearekin... lotutako edukien erabilera.

Zirriborroa arte lan bihurtu

Arte lanak egiteko, sei egun izango dituzte lehiakideek, urriaren 13tik 18ra Anoeta estadioko behealdean prestaturiko areto batzuetan.
Antolatzaileek 500 eurotako txeke bana emango diete proiektua egiten laguntzeko.
Erabiliko diren 26 edukiontziek ezaugarri berberak izango dituzte; beira-zuntzez eginikoak, eta kolore horikoak.
Edukiontziak garbiak eta bi sarrera itxirik dituztelarik landu beharko dituzte eta erabili beharreko teknika uretan disolbatutako pintura akrilikoa da, baina eguraldi txarrari eusteko adinako erresistentzia duena.

Sariak

Orotara bost sari egongo dira. Lehenengoa, 4.000 eurotakoa, bigarrena 2.000 eurotakoa eta hirugarrena 1.000 eurotakoa birziklatze-kontuetan adituek eta San Markos Mankomunitate barruko zein kanpoko artista ezagunek erabakiko dituzte
Laugarrena eta bosgarrena, aldiz, erakusketa ibiltarira joaten diren ikusleek erabakiko dituzte, 500 eurotako saria izanik bakoitzarentzat.

Erakusketa

Era berean, San Markos Mankomunitatea osatzen duten 10 udalerrietan zehar egingo den erakusketa ibiltariari esker obra guzti hauek ikusteko aukera egongo da. Urriaren 21ean Donostian inauguratu, eta abenduaren 2an Errenterian amaituko da erakusketa.
Lehiaketari buruzko informazio gehiago eskuratzeko sartu www.gipuzkoa.net/san-marcos orrialdean.