Gaur arratsaldeko 18:00tan izango dugu lehenengo ekitaldia. Aurten urrezko ezteiak bete dituzten bikoteei oroigarriak banatuko dizkiete.
Programazioaren hurrengo ekitaldia, larunbatean izango dugu, goizeko 12:00etan. Extremadura Etxeak ikasle gaztetxoen artean antolatzen duen poesia eta marrazki lehiaketaren sari banaketa egingo du Erretiratuen Elkartean.
Omenaldi eguna
Omenaldiko egun garrantzitsuena igandekoa da. Goizeko 11:00etan San Pedro Parrokian ospatuko den mezarekin emango zaio egunari hasiera. Alboka Abesbatzak, bertsolariak, trikixak eta dantzariek parte hartuko dute honetan.
Meza amaitu eta denak Manuel Lekuona Kultur Etxean ospatuko den jaialdian topatuko dira. Bertan Zero Sette akordeoi orkestra, eta Lasarte-Oriako Erretiratuen Elkarteko Biyak-Bat abesbatzek kontzertua eskainiko dute guztien gozamenerako.
Hau amaiturik, eguerdiko 14:00etan ohiko bazkariari emango zaio hasiera.
Urtero bezala Udal Kirol Gunean, Mitxelineko frontoian ospatuko da bazkaria. Eta bertan, lasarteoritar helduenak omenduko ditu Udalak. Alde batetik, Manuela Calvo Rey, 1916.urtean jaioa eta bestetik, Dimas Vegas Calvo 1919an jaioa.