Herriko areto-futboleko txapelketa abian da

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 5a

Ostadar Kirol fundazioak antolatzen duen areto-futbol txapelketa herrikoiari asteburu honetan eman zaio hasiera.
XXVII. txapelketa honetako denboraldiko berrikuntza nagusia ostiralean lehenengo partida jokatu zela da.
“Proba bezala ostiraletan jokatuko da jardunaldiko lehenengo partida eta ongi badoa horrela jarraituko dugu,” azaldu digu Txusek txapelketako antolatzaileak.

Lehiaketa sistema
22 taldek eman dute izena. “Iazko talde berak eman dute izena, ez da talde berririk sartu. Batzuk babeslea aldatu dute, baina ez dago talde berririk,” azaldu digu Txusek.
Honela, lehenengo fasea “jardunaldi bakoitzean hamaika partida egongo dira, liga sistema jarraituz jokatuko da eta itzuli batera, gainera,” adierazi digu.
Bestalde, bigarren fasean, taldeak hiru ligatan banatuko dira, play-offa, ligila eta kontsolazio liga, sailkapenaren arabera.
Lehenengo 8 taldeek play-offean parte hartuko dute. Hauek final laurdenak eta finalaurrekoak joan etorrian jokatuko dituzte eta maiatzaren 21an, finala jokatuko da.
Bestalde ligila dago. Honetan, 9. taldetik 16.era egongo dira lehian. Hauek final laurdenak, final erdiak eta finala jokatuko dituzte, guztiak partida bakarrera.
Azkenik, kontsolazioa dago. Azken taldeak bi taldeetan banatu eta liga modura jokatuko dute. Bi lehenek finala jokatuko dute.

Berrikuntzak
Arestian aipatu legez, berrikuntza nagusia, jardunaldiko lehenengo partida ostiralean jokatuko dela da.
Baina ez da hori aldaketa bakarra, Txusek azaldu digunaren arabera, “aurten arau aldaketa bat egin dugu eta areto-futboleko jokalarien antzera, futbolean federatuak dauden jokalariek ere parte hartu dezakete txapelketan.”
Honetaz gain, kirol guneko areto-futboleko eremu berriztatuan jokatuko dute. “Gunea estali ostean, euriarekin arazorik ez egotea espero dugu,” aipatu digu.
Era berean, “iazko txapelketaren antzera, guztia ongi ateratzea espero dugu, taldeak era garbian jokatzea eta arazorik eta zigor handirik ez egotea,” adierazi du Txusek.