Jokin Ayerregaray / [i]Go!azen[/i] telesaileko aktorea “Abestea izan da niretzat zailena”

Nerea Eizagirre 2009ko urr. 5a, 02:00

Iaz Euskararen Maratoian oholtza gainean ikusi genuen Jokin Ayerregaray, aurten urriaren 9tik aurrera aktore lanetan ikusi ahalko dugu ETB kateak estreinatuko duen [i]Go!azen[/i] telesailean. Film musikalaren arrakastaren ostean, 12 kapituluko telesaila grabatu dute Pausoakak eta ETBk. Ostiraletik aurrera, Jokin Aitorren paperean ikusiko dugu Basakabin abenturak izaten, baita abesten eta dantzatzen ere.

Nolatan aurkeztu zinen telesaileko hautaketa probara?
Antzerki eskolara deitu zuten hautaketa egingo zela eta ea norbait animatzen zen galdetzen.
Hiru pertsonek baietza eman genuen eta ni hartu ninduten.

Nolako probak egin zenituzten?
Kantatu, bost edo sei kanta izan ziren; gero momentuan musika jarri eta dantzatu behar izan nuen. Eta azkenik, etxean prestatutako testu bat antzeztea.

Proba bakarra izan al zen?
Ez, lehenengoan hautagai guztiak ikusi zituzten. Aukeraketa egin eta bi mutil geratu ginen paper hori egiteko.
Berriro ere proba guztiak egin behar izan genituen eta ni aukeratu ninduten.

Beraz, hasieratik bazenekien zein paper egin behar zenuen?
Bai, gainera, mutilentzat paper bakarra zegoen.

Eta nolakoa da zuk jorratu duzun papera?
Aitor mutil gaztea da, lotsatia. Zuzendariaren iloba da eta seminariora doa. Beraz, bere komerik izango ditu, lagunekin, osabarekin, etab.

Eta grabaketa nolakoa izan da?
San Pedrotan hasi ginen eta irailaren hasieran bukatu genuen.
Astelehenetik ostiralera, platoan zenean, Miramonen goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara egoten ginen eta Azpeitian ginenean zortzietatik zazpietara.

Beraz, egun batetik bestera ikasi behar zenuten gidoia?
Hasieran lehenengo sei gidoiak bidali zizkiguten ideia bat egiteko. Baina gero gidoi horiek moldatu egiten ziren sekuentziaka eta orduan egunero ematen zizkizuten zuk ikasi beharreko sekuentziak. Esate baterako, platoan ginenean zortzi edo hamabi sekuentzia ziren egunean.
Eta arratsaldetan gainera, dantzak ikasteko geratzen ginen. Azkenean asko da ikasteko.

Arratsaldetan dantzak prestatzen zenituzten, baina abestiak, noiz?
12 kapitulu 60 egunetan grabatu behar ziren eta denboraz justu. Beraz, dena batera egin dugu.
Platoan ginen bitartean, banaka joaten ginen estudiora ahotsa grabatzera. Sekuentzia batean zu agertzen ez zinala, ba bost minutu horiek aprobetxatzen ziren ahotsaren grabaketa egiteko.

Eta nolakoa izan da abestea?
Abestea izan da niretzat zailena. Txikitan abesbatzan abestu nuen baina hortik aurrera...
Gainera, grabaketa estudioan sartu eta zure ahotsa grabatzea... inoiz egin ez duzun gauza izanik, zaila da.
Baina asko lagundu digute. Aktore zuzendaria Ainhoa Aierbek kantua ere jorratzen du eta ahal izan duen guztian lagundu digu. Gainera, Yoli Pascualena aktorea ere musikaz bizi da eta hark ere asko lagundu digu.

Azpeitian ere egon zineten eta arazoak egon ziren...
Azpeitira joatea guretzako hoberena izan zen, arratsaldetan ez baitzegoen entsegurik. Goiza eta arratsaldea genuen grabaketa egiteko eta guztia lasaiagoa zen.
Gainera, jende pila zetorren ikustera, txalo egiten zuten eta horrek animatu egiten gintuen.
Arazoak izan genituen zaratarekin ezin baita grabatu. Komentua errepide ondoan dago eta errepidea moztu behar izan zen, autoen zarata ekiditeko.
Baina okerrago izan zen, kotxeak klaxona jotzen hasten zirelako eta kriston zarata sortzen zutelako. Gainera, ondoan lanak zeuden eta horiek ere zarata egiten zuten. Alde horretatik konplikatua izan da.

Nolako harremana izan duzu beste aktoreekin?
Gure artean harreman ona egon da. Afariak egin ditugu, Arcachoneko Aquaparkera joan ginen... Grabaketa bukatu eta zerbait hartzera joaten ginen.
Beti saiatu gara ateratzean lanarekin deskonektatzen, ordu asko baitira eta azkenean beti gauza bera buruan izanik nekatzen zara.
Alde horretatik, talde guztiarekin, bai aktore, bai lantaldearekin harreman ona izan dut.
60 egun lanean, elkarrekin, beharrezkoa da harreman ona izatea.

Eta telesailan agertu ostean, jarraitzaileak izango dituzu, noski?
Oraindik ez dakit nola izango den. Baina gauza ondo eramatea espero dut.
Grabaketa egunetan jendea agurtu dut, baina ez aktore nagusiek beste. Izugarria zen, esate baterako, umeak kotxeen atzetik korrika ikustea edo kafe bat hartzera joan eta jendeak geratzea.
Ni berria izateaz aprobetxatu nintzen lasai-lasai egoteko.

Zein da Go!azen fenomenoaren hurrengo pausua? Esan badaiteke.
Lehenengo ikusi beharko da jendea gustura dagoen jarraitzeko. Badaude proiektu batzuk baina ez dira oso finkoak.

Fenomenoak aurrera egiten badu, jarraitzeko asmorik?
Printzipioz bai. Baina gogorra izan da udan lan egitea. Orain deskantsatu behar da.
Hasieran ilusio askorekin hasten duzu proiektua, baina bukaerarako oso nekatua zaude. 60 eguneko presioa asko da.

Esperientzia ona izan al da?
Bai. Gainera, asko ikasten da. Nik, esate baterako, ez nuen ikusia nola egiten zen lan telesaila batean.
Ikusle bezala egon naiz programa batzuetan, baina ez dauka zer ikusirik. Harrigarria da zenbat jende dagoen platoan lan egiten, aktoreaz aparte eta ikusten ez direnak, errealizadorea, kamarak kontrolatzen dituztenak. Jende pila bat dago. Telebistan aktoreak ikusten dira, baina kamara atzean 50 pertsona egon daitezke.
Eta gainera gero jendeak ez du sinesten, ez dio garrantzirik ematen. Baina oso bitxia da