Errauskailuaren aurka haritzak

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 6a

Errauskailuaren eraikuntzarako katak hasi direla eta, Usurbil, Lasarte-Oria, Zubieta eta inguruko herrietako 50 bat biztanlek errauskailua egin nahi duten tokira ibilaldia egin zuten lehengo larunbatean.
Bertara iritsi eta katak egiten ari diren makinen ondoan, txikizioari aurre egiteko asmoarekin haritzak landatu zituzten.

Orain da garaia

Era honetara, Gipuzkoako gizarteari eta batez ere inguruko herritarrei dei egiten diete astakeria honen kontra altxa daitezen.
Era berean, antolatzen diren ekintza guztietan parte har dezaten ere eskatzen diete, “orain baita garaia, guztion osasunarentzat kaltegarria izango litzatekeen erraustegia eta hau bultzatzen dutenak geldiarazteko.”
Eta zera gaineratu zuten, “atez ateko bilketarekin frogatuta gelditzen da errauskailuarena beharrezkoa ez den obra garestia dela.”

Hondakinen lege berririk ez

Bestalde, irailaren 29an, Eusko Jaurlaritzak atzera bota zuen Hondakinen Euskal Lege berriaren Proposamena.
Legebiltzarrean duela 3 hilabete aurkeztutako proposamenak 35000 herritarren babesa zuen eta, hala ere, ez da aintzat hartu “hondakinen konpetentziak Aldundi, Udal eta Jaurlaritzako ingurumeneko sailak kudeatzen baitituzte.”
Errausketaren aurkako plataformek diotenaren arabera, lege hutsunea dago eta erakunde bakoitzak nahi edo ahal duena egiten du, “Gipuzkoako Aldundiak errausketa eta bere inguruko negozioak bultzatu; Usurbil, Hernani, Lasarte... Udalek atez ateko bilketa defendatu, hau delakoan hondakinak kudeatzeko modurik osasuntsuena, jasangarriena, merkeena eta ingurugiroan eragin gutxiena duena.”
Honela, hondakinen kudeaketa sistema aldaketa lortu arte ez dute etsiko.