Endika Gartzia eta David Martin garaile

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 9a

Lehengo asteburuan hainbat herri lasterketa eta txapelketa burutu dira, hala nola, Zumaiako Zakila bira eta Orreaga-Zubiri lasterketak eta Arriarango duatloi kros txapelketa. Hiru hauetan herriko atletak izan ditugu lehian eta Zumaiako lasterketan eta duatloi txapelketan gainera, lehengo postuak eskuratu dituzte gure bi herritarrek, David Martin eta Endika Gartziak.

Zumaiako Zakila biran giro ederra zegoen lehengo larunbatean. Eguraldiak lagundurik herritar ugari bildu zen Zumaiako kaleetan zehar 800 korrikalariei animoak emateko.
XIII. edizio hau korrikalari kopuru handiena izan duena da, baita David Martinek irabazi duena ere.
Hasieratik lasterketa buruan egon zen lasarteoriatarra. Bere erritmoa ezarri eta pixkanaka errenta lortu zuen. 16. kilometroan 1m eta 16 sg-ko tartea zegoen David eta bigarrenaren artean.
Beraz, lasai iritsi zen helmugara 1:h.06:18ko denbora eginaz.
Hala ere, ez zen sailkapeneko lehengo postuetan iritsi zen herritar bakarra izan. Izan ere, Gonzalo Sukunza 4. postua eskuratu baitzuen.

Duatloi txapelketa

Bestalde, egun berean, Gipuzkoako Arriaran herrian, duatloi kroseko txapelketa jokatu zen.
Proba distantzia motzean ospatu zen, hau da, parte hartzaileek 6 km korrika, 20 km txirringan eta, bukatzeko, beste 3 km korrika egin behar izan zituzten.
Endika Gartzia lasarteoriatarrak 1:35:34ko denbora osatu zuen garaipena lortzeko. Nahiz eta lehenengo sektorean ez ongi ibili, txirringan hartu zuen tartea eta 3 km-tako lasterketan errenta mantentzen jakin zuen.
Proba honetan ere, Andoni Illarramendi herritarrak parte hartu zuen eta 10. postua eskuratzeaz gain, taldeetan lehenengo postua lortu zuen Antxintxika taldearekin.

Orreaga-Zubiri lasterketa

Honetaz gain, Ostadar K.F.-ko eta herriko hainbat korrikalarik Orreaga-Zubiri lasterketan parte hartu zuten.
Donejakue bidean barrena, herriko 20 korrikalariek Orreaga eta Zubiri artean dauden 21,5 kilometroak egin zituzten.
Horiek guztietatik azkarrena Julen Ollokiegi izan zen, 01:28:52ko denbora eginaz.