Iñaki Mugika Hirigintzako buruak azaldu digunez, "Sprilurren asmoa, azken aldian, mankomunitateak sortzea da. Era honetara, herri txikiek Industrialdea sortu nahiez gero, aukera izango lukete eta, gainera, bere eremuko Industrialdeko elkartearen laguntza eta esperientzia izango lituzke."
Aldaketa
"Hernaniko Industrialdean Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Hernaniko Udalak sortzen zuten. Inguruko herriek zituzten proiektuak kontuan izanik, Hernanikoa Buruntzaldeko Industrialdea bilakatzeko proposamena egin zen. Honela, lehengo astean egindako batzarrean erakundeetako, Hernaniko Udaleko eta Buruntzaldeko udaletako ordezkariak bildu ziren eta izen aldaketa erabaki zen," adierazi digu Iñaki Mugikak.
Baina ez da hori aldaketa bakarra izan, elkartearen estatutuak ere aldatu behar baitira elkarteak Buruntzaldeko beste herrietan lan egin ahal dezan. "Honela, proiektuen arabera, akzioen elkartrukea eginez, herriek presentzia izango dute elkartean," aipatu digu hiri gintzako arduradunak.
Eta "herri bakoitzak bere proiektua gauzatuko du eta hark jarriko du behar den inbertsioa. Buruntzaldeko beste herriek ez dute bertan eginkizunik izango. Era berean, Udal bakoitzak bere herrian bertan egingo du bere industria gunea. Ez gara guztiak gune bakarrean egongo komunikabide batzuetan aditzera eman den bezala," gaineratu du.
Proiektuak
Oraingoz, bi proiektu nagusi egingo ditu elkarte berriak, batetik Hernaniko Udalak Galarretan egingo duena eta bestetik Michelin fundazioak Lasarte-Orian egingo duena.
"Ekintza garrantzitsua da Michelin fundazioak egingo duena. Lanpostuak sortzeko asmoarekin, lur eremu bat eskaini du, Oria ibaiaren ondokoa, industria gune bilakatzeko," esan digu Mugikak. Proposamena aztertzen ari direla ere aipatu du, izan ere, 300 bat lanpostu sortzeko aukera baitago.
Gainera, hurrengo urterako eraikitzen hasiko dela ere aurreratu du, "hori izan zen Michelin fundazioak hartu zuen konpromezua Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundi eta Lasarte-Oriako, zein Usurbilgo udalarekin.