Semblante Andaluz, Pirritx eta Porrotxekin

jon-altuna 2009ko urr. 9a, 02:00

Semblante Andaluz elkarteko abesbatzak [i]sevillana[/i] bat euskaraz kantatu eta grabatu du Pirritx eta Porrotx pailazoekin batera hauek abenduan argitaratuko duten [i]Irrien Lagunak[/i] diska berrian sartzeko. [i]Abuela Maria Luisa[/i] abestiaren letra Jon Maia bertsolariak idatzi du. Asteazken arratsaldean Andoaingo Garate estudioan burututako grabaketan izan ginen [i]Semblante[/i]ko abeslari, pailazo eta teknikariekin.

Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek bihar larunbata amaituko dute Irrien Lagunak disko berriaren grabaketa Andoaingo Garate estudioetan. Bertan hainbat euskal abestirekin batera, Kubako, Senegalgo, Galiziako eta Andaluziako doinuak eta ahotsak izango dira. Abestietako bat berezia da, mutiko batek sevillana bat kantatuko baitio Andaluziatik etorritako bere amonari. Jon Maia bertsolariak Amona Maria Luisa jarri dio izenburu abestiari, eta Extremaduratik etorri zen bere amona Maria Luisan oinarritua da.
Kantuaren errepika grabatu zuten asteazken arratsaldean Semblante Andaluz elkarteko kideek. Herriko Semblante Rociero abesbatzako hogei lagun igo ziren Andoaingo Garate estudioetara eta umore onean behin eta berriro abestu behar izan zuten "Beti oroitu arren gure abuelita Maria Luisak... Andaluzia eta olibondoen geriza... maite du trikitixa!" leloa, diskoko abestiak egokitu dituen Xabier Zabala musikariaren eta grabaketaz arduratu den Haritz Harreguy teknikariaren aginduak jarraituz.
Diskoaren sorkuntzan eta grabaketan hainbat lagunek hartu dute parte, besteak beste, Oreka Tx, Tapia eta Leturia, Pantxoa eta Peio, Kaki Arkarazo, Oskar Estanga, Gorka Urbizu, Asier Gozategi, Olatz Korta eta Labrit Zabala musikariek.
Zenbait berezitasun baditu diskoak: Maialen Lujanbiok Irri egiten duenari eta Ainhoa Agirreazaldegik Egiozu euskaraz bertsoak egin dituzte eta Joseba Sarrionandiak kopla batzuk igarkizunetan jolasteko. Kanpotik etorritako lagunak ere ageri dira, O Sonoro Maxín talde galiziarrak Quero-te máis grabatu du, maite zaitut euren hizkuntzan, Ondarroako senegaldarrek ere haien hizkuntzatan kantatu dute, eta Dúo Jade bikote kubatarrak bi abesti kantatu ditu, bata euskaraz eta bestea, gazteleraz.

Sudurgorrien festa
Diska berriak Irrien lagunak izena dauka eta ideia, Joxe Mari Agirretxek jakinarazi digunez, sudurgorrien festatik dator: urtero ospatu ohi dute udaren atarian ikasturteari agur esan eta oporrei kaixo esateko. "Eta bide batez borobilean jarri eta galdetzen diegu haurrei, zer gogoratzen duzue ikasturteaz?, orduan denek altxatzen dute eskua, denek daukatelako zerbait esateko, nolabait bihotzez edo sentimenduz ikasten dena sekula ahazten ez delako. Ikasturtearen puzzlea osatzen dugu haurren kontakizun eta bizipenak kontutan hartuta, irakasleenekin batera. 20 kantu dira eta kantu bakoitza puzzlearen zatitxo bat da" kontatu digu Porrotxek.

Sevillana berezia
Semblantek abesten duen kantua berezia da Agirretxek esan digunez: "Haurrek denetarik gogoratzen dute, baina batek dio gogoan duela nola bere amonak egunero egunero eskutik helduta eramaten zuela eskolara eta ikasturteko egun batean amona hil zitzaiola. Hasieran negar egin zuen baina gelako ikaskideek marrazkiak oparitu zizkioten, amonaren agurra antolatu zuten eta agur horretan haurrak bere amona andaluzari sevillana bat kantatzen dio euskaraz. Letra Jon Maia bertsolariak idatzi du eta Abuela Maria Luisa dauka izena abestiak, Jon Maiaren amona Maria Luisa zelako. Gu aspalditik genbiltzan sevillana bat euskaraz grabatzeko gogoarekin, Andaluziako herriari keinu bat egiteko eta gainera sevillanak abesti eta dantza bezala oso indartsuak eta oso alaiak direlako”.
Lasarte Oriako Semblante Andaluz elkartearekin harremanetan jarri eta Semblante Rocieroko kideek “hasieratik oso harrera ona egin zioten ideiari eta gaur hemen daude grabatzen. Espero dugu aurrerantzean beste zerbait elkarlanean burutzea Lasarteko lagun hauekin" amaitu zuen Agirretxek.