Bilbon kantatuko du igandean, Arriaga antzokian arratsaldeko 17:30ean. Urteko 80ren bat saio egiten dituela esan digu Amaiak baina dudarik gabe urteko saio bereziena izango du etzi. “La gun giroko saioak ditut gustukoenak, baita gure gogo edo ideia baten inguruan antolatzen ditugun saioak ere. Hala ere, arlo guztietan bezala, denetik egitea komeni da, eta oreka bat aurkituz gero denak dira erakargarri”.
Bertsotan noiz eta nolatan hasi zinen?
Villabonako ikastolako irakasle baten bitartez zaletu nintzen. 13 urterekin Tolosako bertso-eskolan hasi nintzen Jokin Sorozabal irakasle genuela. Gero Hernaniko bertso-eskolara joaten hasi nintzen, eta handik aurrera nire kasa gehiago aritu naiz lagun artean elkartuz baino.
Zein oroitzapen duzu Lasarte-Oriako Bertso eskolaz? Nola ikusten duzu egun eskola?
Lasarten helduen eta gazteen bertso-eskoletako irakasle aritu nintzen, baina urte asko pasa dira geroztik. Inoiz edo behin gaur egungo taldera joan izan naiz, baina klasez kanpoko harremana da eurekiko dudana.
Talde heterogeno eta kolore anitzekoa da. Oso aberatsa, erakargarria. Herri denetan horrelako talde bat egotearren jendeak zernahi emango luke. Eta elkarren artean duten giroa miresteko modukoa da, baita saioak antolatu eta ideia berriak aurrera eramateko duten gogoa ere.
Lehen aldiz kantatuko al duzu Euskal Herriko txapelketan?
Ez, bigarren aldia da. Duela lau urte finaleko ateetan geratu nintzen. Lehen finalerdian, Hendaian, saio ona egin nuen baina bigarren finalerdian, Urretxun, beste batzuk nik baino puntu gehiago lortu zituzten.
Nola ikusten duzu zure burua? Bertsotarako puntuan al zaude?
Herrialdeetako txapelketetan lortzen da Txapelketa Nagusirako txartela. Guk duela bi urte lortu genuen, beste gipuzkoar guztiek bezala.
Txapelketak niri sekulako egurra ematen dit, nire burua gehiegi estutzen dudalako, eta egia esan azkeneko bi hilabete hauek ez dira samurrak izango, baina norberak bere buruari jartzen dion presioaren araberakoa izaten da hori.
Ez dakit nire punturik onenetakoan nagoen, baina bertsotan inoiz baino erosoago ari naiz. Horrek ez du esan nahi inoizko mailarik onenean ari naizenik, konfidantza hartzen noala baizik. Ikusiko da zer emateko gai naizen. Ojala nire baitan dagoena azaltzeko gai banintz behar den egun eta orduetan!
Urduri jartzen hasi al zara jada? Nola lortu daiteke aldarte onean igotzea oholtza gainera?
Ametsetan bertso erdian geratzen eta saioetara berandu iristen hasi naiz, hortik atera kontuak! Aldarte onean ez dakit nola joaten den, ni beti estu eta dardarka joaten naiz. Egin dezakedala sinistuta joan nahi nuke, animoso. Ikusiko da lortzen dudan edo ez.
Nola prestatu duzu txapelketa? Zerbait berezirik egin al duzu?
Bertsokideak lagunartean geratu ohi dira bertsotan entrenatzeko. Nik ez dut inoiz horrelakorik egin. Gaizki pasatzen dut. Nik jendaurrean ez bada ez dut kontzentraziorik lortzen, eta tentsiorik ezean nekez egin dezaket bertsotan. Ez dut ezer berezirik egiten. Almazena betetzea da kontua, baina gero almazenatu den hori ondo antolatzea eta momentu bakoitzean behar dena topatzea da ezinbestekoa, eta hori ez da erreza izaten.
Beteko al da berriro BEC? Osasuntsu al da bertsolaritza?
Duela lau urte bezala pronostiko eta espektatiba denak beteko direla ez dut zalantzarik. Jendea zain antzematen dut.
Zein zortzi bertsolari izango dira finalean? Sorpresarik izango al da?
Egaña, Lujanbio, Arzallus, Elortza, Mendiluze, Iturriaga... Eta bi leku utziko ditut berrientzat. Berrien artean beste zortzikote bat ikusten dut hautagai. Baina gerta daiteke duela lau urteko zortzikotea taularatzea. Nik pozik ikusiko nituzke aurpegi eta txapeldun berria.
Nor izango da txapeldun? Eta zeinen alde egingo duzu zuk?
Maialen Lujanbio mundial dabil bertsotan. Nahiago nuke haren erdia egingo banu!! Ametsekin ere ojo!
Oro har, zein maila dago? Estua izango al da finala?
Maila sekulakoa iruditzen zait niri. Finalerako txartela garesti dago, eta txapela are garestiago. Tentsio horretan bertso mailarik onenaren jabe egitea ez da erreza izango, baina ziur nago finalista bakoitzak utziko duela bertso gogoangarriren bat, eta eguna bera izango dela ahaztezina.
Zu kasualitatez sartuko bazina,... ze litzateke zuretzat?
Duela lau urte, oraindik oholtza hutsik zegoela, mikrofono aurrean jarri nintzen. BEC oraindik hutsa zegoen, eta hala ere inpresioa egin zidan. Pentsa zer litzatekeen txalo hots artean sartu eta han kantatzea. Nire amets nagusietako bat, dudarik gabe. Ametsek amets izateari uzten omen diote betetzen direnean baina... uste dut ametsetan segi beharko dudala.