Urria iritsi da eta honekin batera, hilaren bukaeran, urriaren 25ean Lasarte-Oria Bai! kros herrikoia. Horregatik, asteazkenean, Ostadar K.F.-ko Aitor Azkonobietak, Julen Ollokiegik eta Itziar Carrascok aurtengo edizioaren aurkezpena egin zuten Manuel Lekuona Kultur etxean.
Haietaz gain, hainbat korrikalari ere izan ziren bertan, besteak beste, azken bi urteetan gizonezko mailan irabazle izan den David Martin herritarra.
Aldaketak
Krosa antolatzen laguntzen duten guztiei eta bertan zeuden korrikalariei eskerrak eman ostean, antolatzaileek XIV. edizioak izango dituen aldaketak iragarri zituzten.
Aldaketa aipagarrienak ibilbidean eta irtera-helmuga puntuan daude. “Gure herrian dauden lanak direla eta, ibilbidea aldatu behar izan dugu,” azaldu zuen Aitor Azkonobietak.
Honela, irteera-helmuga Ostadarren egoitzaren parean egongo da, ibilbideari dagokionez, bigarren bueltan dira aldaketa gehienak.
Honetaz gain, lehenengoz sari-banaketa ekitaldia Kros txikia hasi aurretik egingo da eta korrikalariek kamiseta teknikoa eskuratuko dute izena ematean.
Era berean, korrikalari kopurura 1.300era murriztuko dela jakin arazi zuten antolatzaileek.
Etxeko txikien lasterketak ere, Kros Txikiak, aldaketa batzuk izango ditu.
Batetik haur kopurua 800era igo dela, “urtero haur asko parte hartu ezinik geratzen zirelako”; eta bestetik, ibilbidea.
Aldaketa hauek guztiak, urriaren 23an argitaratuko dugun Txintxarri berezian azalduko ditugu sakonago.
Izena ematea
Aitor Azkonobietak azaldu zuen bezala, “izena ematea asteartean, urriaren 13an zabalduko da.”
Izena emateak 10 euro balio ditu, Ostadarreko bazkideentzat 6 euro dira eta atletismo sailekoek doan dute izena ematea. Egunean bertan egiten dutenek, berriz, 15 euro ordainduko dituzte.
Era berean, 5 eurotako bermea utzi behar da txiparengatik. Hau lasterketa bukatzean bueltatuko da.
Izena emateko aukera ugari dago. Lasarteoriatarrek Ostadar K.F.-ko egoitzan, www.ostadarkf.org orrialdean edo 943 360 433 zenbakian, kanpokoek, berriz inguruko herriko, hainbat kirol dendatan. Egunean bertan ere aukera egongo da.
Kros Txikiari dagokionez, Lasarte-Oriako ikastetxeetan urriaren 21era arte edo Ostadarreko egoitzan lasterketa bezpera arte egin dezakete izen-ematea. Haur bakoitzak 4 euro ordaindu behar ditu.
Azken egunera ez itxaron
Julen Ollokegik gainera, azken unera arte ez itxaroteko eskatu zuen, batez ere, Kros Txikian.
“Nahiz eta izena emate kopurua 800era igo dugun, gurasoei eskatu nahi diegu, batez ere, txikien kategorian, lehenbait lehen izena emateko. Ilusio handien dutenak dira eta, beraz, dortsalak agortzen lehenengoak,” adierazi zuen.