Duela egun gutxi banatu dira sei Nobel Sariak. Aurten horietatik ezagunena Pakearen Nobel saria izan da, Barack Obama berak eraman baitu, "azkarregi" ziurrenik (baita beste ustez ere). "Nire" Nobel saria, aldiz, ekonomiakoa da, gazteena Nobel sarien barnean. Suediako Banku Zentralaren saria da Alfred Nobelen omenez ezarria 1969. urtean. Aurten AEBko Elinor Ostrom eta Oliver E. Williamson ekonomisten eskuetara joan da. Bi kasutan "gobernantza ekonomikoari buruz egindako azterketagatik" eman zaie Nobel saria, hau da, erabaki ekonomikoak nola hartzen diren aztertzeagatik. Lehenengoaren kasuan "bereziki auzo-ondasunak" aztertzeagatik eman zaio, baliabide horien kasuan (arrantza-baliabideak, adibidez) sarritan ustiapena gehiegizkoa suertatzen baita, horretarako konponbideak aztertuz. Elinor Ostrom Nobel saria jaso duen lehenengo emakumea da (64 saritu izan dira guztira) eta onartu behar dut ez nuela ezagutzen. Williamsoni "bereziki enpresaren mugak" aztertzeagatik eman zaio. Oliver Williamson galdera kuriosoa erantzuten saiatu da: zergatik daude enpresak? Edo, zehatzago, nola azal daiteke enpresen egitura berezia, hau da, jarduera batzuk enpresaren barnean egitea eta besteak, aldiz, enpresatik kanpo?
Bukatzeko, lerro hauek idazten ari nintzela telefono deia jaso nuen. Telefonia konpainia batek deitu zuen etxera urriaren 12an eta siesta garaian, noski eskaintza paregabea azaltzeko. Deitu zuen pertsonari esan nion ez zitzaidala egokia iruditzen horretarako deitzea festa-eguna izanda. "Gu lanean gabiltza" erantzun zidan. Aio, pelaio ...