“Dakidana eta naizena erakutsi nahi dut”

jon-altuna 2009ko urriaren 16a

Uztaritzen kantatuko du bihar larunbata Unai Muñoak Euskal Herriko txapelketa Nagusiko kanporaketan, Kiroleta Pilotalekuan arratsaldeko 17:30ean. Bertsotan dena emateko prest da lasarteoriatarra, aukera paregabea da beretzat Txapelketa Nagusiko kanporaketa. Txikitatik izan nahi zuen bertsolari, bospasei urterekin, oholtzara igo zen euskararen maratoian bertsoa kantatzeko. Unai Muñoa Bertsolari Txapelketa Nagusian partaide, larunbatean, urriaren 17an, Ustaritzeko Kiroleta pilotalekuan, 17:30ean

Egin berriak ditu hogeita zazpi urte, baina gauza askotan aritu da Unai Muñoa hamaseirekin ikasketak utzi zituenetik: sukaldari, harakin eta taberna baten jabe izan zen bi anaiekin batera. Gaur egun Gipuzkoako Bertsozale Elkartean ari da hezkuntza arautuko Bertsolaritza eta Ahozkotasuna proiektuan.
"Nire unibertsitatea kalea izan da, eta maisurik onenak berak eman dizkit" dio lagun arte eta tertulia sakonen zaleak. Hamaika Bertuteren sortzaile eta ekimenaren kideetako bat da, lagunartean ari dira askotan bertsotan: "Nahiko aukera izaten dut batera eta bestera ibiltzeko, eta oso gertukoa dudan jendearekin aritzeko zortea daukat, gainera".

Bertsotan noiz eta nolatan hasi zinen?
Etxean, aitak, eta neurri batean amak, sustatu izan dute bertso zaletasuna. Aita plazan kantuan aritutakoa da, eta ama bertso zale amorratua. Ume-umea nintzenean, aitaren tankera izan nahian edo, kantuan saiatzen nintzen. Amak dio bertsotan hizketan baino lehenago ikasi nuela, hortik atera kontuak.
Joxe Mari Agirretxek kariño handiz kontatzen du lehenengotariko maratoi batean oholtzara igo nintzela, bost sei urte nituenean, bertsotara. Gogoratzen dut nola galdetu zidan ea noiz hasi nintzen bertsotan: "txikia nintzenean!" erantzun nion.

Zein oroitzapen duzu Lasarte-Oriako Bertso eskolaz? Nola ikusten duzu egun eskola?
Naizenaren puska bat da. Hamalau urte inguru nituenetik nire bizitzako zati garrantzitsu bilakatu dira bertako kideak, bakoitza era desberdin batean. Nire eboluzioan eragin handia izan dute, eta ez bertsotan bakarrik. Asko ikasi dut bertsoen aurreko tertulietan, ondorengo parrandetan, Alkizan, sagardotegian… Zorionez, bertso eskolan adin eta ideologia desberdineko hainbat lagun elkartzen gara, eta horrek kolorea ematen dio taldeari. Benetan eskertzen dut hori.
Irailaren hogeita zazpian omendu genuen Patxi Etxeberria. Taldeko zaharrena. Kariño eta mimo handiz esanda, gure aitona. Helduen taldeak egonkor jarraitzen du, eta umeenak sortzen ari dira. Gainera, ekimen desberdinak antolatzeko indarra badago. Talde biziak etorkizuna dakar berekin.

Euskal Herriko txapelketan kantatuko duzu, lehen aldia al da?
Bai. Duela bi urte jokatu genuen Gipuzkoakoan Euskal Herrikora sailkatu izana txute bat izan zen niretzat.

Orain nola ikusten duzu zure burua? Bertsotarako punturik onenean al zaude?
Urte hasieran azken asteetan baino motibatuagoa nengoen. Orduan, Txapelketa Nagusiari zeharka begiratzen nion, baina azken aldian erdi ihesean nabil. Beldurra. Hanka sartzeko beldurra da. Konturatu naiz nire buruari maila ona ematea eskatzen diodala, eta beti dago erortzeko arriskua. Lasaiago hartu eta transzendentzia kendu nahi diot lehiari. Hala ere, nire maila ematen badut aurrera egiteko aukerak ere ikusten ditut. Aldartea determinantea izango da.

Urduri jartzen hasi al zara jada? Nola lortu daiteke aldarte onean igotzea oholtza gainera?
Zestoan, publikoaren txalo artean bertsolariak oholtzaratu zirenean, barruak buelta eman zidan, nire burua bertan irudikatzen nuen, eta uff... Lehiak berekin dakartza beldurra eta urduritasuna. Zentratzen denak eta gozatzen duenak asmatuko du.

Nola prestatu duzu txapelketa? Zerbait berezia egin al duzu?
Ez dut bereziki plan bat egin entrenamendurako. Tarteka bildu izan naiz beste zenbait bertso kiderekin, elkarri gaiak jarri eta motorrak bero mantentzeko. Saio batzuk ere egin ditut udan zehar eta rodaje horrek ere lagunduko dit, noski.
Bertsolaritza hitzaren eta komunikazioaren jolasa da. Hartzen ditugun rol desberdinetan norberaren ikuspuntua islatzen dugu eta eguneroko bizitza da gure entrenamendua: Harremanak, liburuak, egunkariak, bizipenak… Azken batean, esperientzia. Oholtzan nik ni izan nahi dut; ahalik eta freskoen, bertan konektatuta egon; dakidana eta naizena erakutsi.

Beteko al da berriro BEC? Osasuntsu al da bertsolaritza?
Nik baietz esango nuke. Duela lau urtekoa festa mundiala izan zen. Izugarri gozatu genuen eta gehienak errepikatzeko gogoarekin joan ginen etxera. Dagoeneko, final laurdenetako lehen saioan hainbat entzule sarrerarik gabe geratu ziren.
Bertsolaritza osasuntsu dagoela begi bistan dago. Garai berrietara egokitzen jakin izan du, parte hartzaileen bataz besteko adinari begiratu besterik ez dago. Gizarteko oso eremu desberdinetan du presentzia, zahar etxetan zein gaztetxetan antolatzen dira bertso saioak. Elkarteetan, aretoetan, telebistan, irratian, hezkuntzan… bertsoa euskal kulturaren baitako mugimendu bizia eta antolatua da.

Zein zortzi bertsolari izango dira finalean? Sorpresarik izango al da?
Aurreko Euskal Herrikoan finalista izan ziren gehienek errepikatuko dute, baina, sorpresaren bat edo beste izango dela uste dut. Izenak ematea zaila da. Benetan. Ez da ez bustitzearren, izen asko etortzen zaizkit burura. Denborak esango du. Ni poztuko nintzateke.

Nor izango da txapeldun? Eta zeinen alde egingo duzu zuk?
Andonik jantziko balu ez nintzateke harrituko, baina ez da segurua. Badira bere lekua betetzeko gai ikusten ditudanak. Zerbaitek esaten dit aurten Maialenen urtea izango dela. Ojala!

Oro har, zein maila dago? Estua izango al da finala?
Maila paregabea izango da eta lehia estua. Seguru.

Zu kasualitatez sartuko bazina... ze litzateke zuretzat?
Ez litzake kasualitatea izango. Nik nahiago dut kausalitatetan sinetsi. Finalean kantatzeko lan asko egin behar da, ondo prestatu eta berezko dohainak erabili. Finalean kantatzea la ostia izango litzateke. Esperientzia ahaztezina, baina niri ez zait burutik pasa ere egiten.