"Jesus ibilitako lekuaren dastatze hori ikaragarria izan da"

itxaso-moreno 2009ko urriaren 16a

San Pedro Parrokiari esker, 49 lasarteoriatar zazpi egunetan zehar Lur Santua ezagutzeko aukera izan dute.
Irailaren 24an irten eta urriaren 1a arte ibili dira Palestinan eta Israelen. Ebanjelioan agertzen diren hainbat pasarteri irudia ezarri diote, baita lurralde horretan dauden erlijio ezberdinen talka ezagutu eta testuinguratu ere.
Bidai aberasgarria lasarteoritar hauek egindakoa eta horrela kontatu digu Xabier Andonegik.
Lur Santua ezagutu duzue, nolako esperientzia izan da?
Lasarte-Oriatik erromes asmoarekin joan ginen. Jesusen lekuaren dastatze hori genuen buruan. Bidai bat, non elizan entzuten ditugun ebangelioko pasarteen kokapena, eta kokapen hortatik esperientzia bizipena zuen helburu. Oso inportantea izan da. Kokatu egin gara, han bertan esperientzia ugari biziz, oso hunkigarriak izan diren momentuak biziz. Erromes moduan, hunkigarria. Emozio asko bizi izan ditugu, elkartasuna, familia... Eta gainera, testuinguru horretan bizi den israelgo mundua, palestinar mundua, erlijio ezberdinen mundua, haserrea, borroka, lana, saiakerak... guzti horren konplejidadearen aberastasunaz busti gara. Askotan nahasmena sortu badu guzti honek, oso aberasgarria izan da. Han ikusi dugun guztia ulertzeko, bakoitzaren hausnarketa oso garrantzitsua da.

Nolakoa da bertan bizitza?
Ulertzeko zaila. Gu hiru egun iparraldean, Israelen eta beste hiru egun hegoaldean, Palestinan egon gara. Israelek 1948an lortu zuen independentzia, eta harez geroztik estatu bat osatzen du, bere gobernu, parlamentuarekin. Palestina aldiz, zatituta dago eta muga militarrez beterik dago.
Gu Zisjordanian ibili gara, Euskadiko autonomiaren antzera funtzionatzen duena, eta kapitaltzat Belen duena. Leku batetik bestera ibiltzea zaila da, oso kontrolatuta dago militarki. Israel estatu egin baino lehen, Zisjordaniako jende ugari joaten zen bertara lan egitera, gaur egun zaila dute, dauden kontrol ikaragarriengatik. Beraz, Israel aberatsa den bitartean, Zisjordania pobrea da. Azken honetan, turismoaz bizitzea baino ez zaie gelditu.

Bertako arazoak nun du iturburua?
Guk kalean nabaritu dugun talka hori ez du soilik erlijioaren kontuarekin zerikusirik. Ohiturak, hizkuntzak, janzkerak... dena nahastuta dago. Gainera arazoa da, ezberdintasun horiek elkarbizitzen jarri baino, azpimarratzea nahiago dituztela. Guk pentsatzen dugu palestinoak arabeak direla, baina ez, arabeak arabiakoak dira eta palestinoak, palestinakoak. Beraz, palestinoak musulmanak direlaren uste horretan nahasmen handia dago. Belengo biztanleriaren %70 kristaua da, eta palestinoak dira aldi berean. Bisitatu ditugun lurraldeetan judutarrak, kristauak eta musulmanak elkarrekin bizi dira, eta hor dago benetako arazoa, erlijioek ez dutela elkar ulertzen. Gainera erlijio bakoitzaren barnean ere, zatiketak daude; erradikalak, moderatuak... Mundu bitxia benetan han ikusitakoa.

Lasarte-Oriatik irten, eta egun berean Palestinan zineten. Lur Santuan, baina lur gatazkatsuan. Nola izan zen lehen kontaktu hori?
Lehenengo egun hori ikaragarria izan zen guretzat. Hotel palestinora iritsi eta bertako harreragileak judatarren aldera ez pasatzeko aholkatu zigun. Egun horretan, Iom Kipur-a, penitentziaren eguna ospatzen zen, guk hemen ospatzen dugun garizumaren antzerako festa. Judutar gazteak, oso erradikal erlijiosoak dira eta poliziarekin istiluak izan ohi dituzte, baina arriskurik ez zegoela ikustera joan, eta ez zegoenez, bertaratu ginen. Damaskoko atetik sartu ginen, emakumeak alde batetik eta gizonezkoak bestetik. Elizkizun bereziak egiten dituzte plazan, hor bakarrik gizonezkoak sartu ahal izan ginen. Oso hunkigarria izan zen. "Muro de las lamentaciones" deritzon harresia ere ikusi genuen, eta jendeak desio eta eskabideak sartu zituen bertan. Benetan espeziala judutar kulturaren egun garrantzitsu hori bizi ahal izatea.

Egun horretan ere, Palestinoen gotzain katolikoa ezagutu zenuten. Sorpresa?
Sorpresa ikaragarria. Arratsaldeko 5etan meza ospatu genuen Jerusalemgo komentu bateko elizan. Hango biztanleria gehiena musulmana da, eta kristauak gutxiengoa osatzen dute, baina guk gure lekua aurkitu genuen. Meza amaitu eta arratsaldeko 6etan palestinoen gotzain katolikoa etortzekoa zela esan ziguten bertako monjek,eta nola ez, itxaron genion. Erdaraz oso ondo zekien. Palestinaren alde otoitz egiteko eskatu zigun, eta nik Euskal Herriarengatik egin zezala eskatu nion. Berak hemengo egoeraren berri bazuen, behar hori ez zuela ikusten aipatu zigun, euskaldunak burugogorrak eta aberatsak garela, eta nahi dugun guztia lortzen dugula. Palestinoak aldiz, ahulak direla eta laguntza beharra dutela esan zigun.
Euskal Herriko enpresa inportante askoren presentzia dago Palestinan, hala nola; Irizar autobusak, CAF-ek egindako trabiak...

Aurreko urtean Erroman ibili zineten, aurten Palestinan, hurrengo urtean...
Buruan Donejakue Compostelakoa dut hurrengo urtean bisitatzekoa. Hiru leku hauek kristau kulturako erromesaldiak dira. Guk jada bi burutu ditugu, eta zergatik ez hurrengo urtean hirugarrena egin? Gainera urte aproposa dugu 2010a, izan ere, uztailaren 25a igandea izango denez, urte santua izango dugu. Okasio polita bidai hau aurrera eramateko beraz. Baina hori, oraindik, ikusi beharko da.