Asteartean, Rafa Diez Usabiaga lasarteoriatarra eta LAB-eko idazkari nagusi ohia, atxilotua izan zen LABen Donostiako egoitza nagusian Baltasar Garzon epailearen aginduz.
Batea operazioa deritzon honetan, Diezekin batera Arnaldo Otegi, Rufino Etxeberria, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez atzeman zituzten LABen egoitzan; Iruñean Txelui Moreno, Miren Zabaleta eta Ainara Oiz, eta Hernanin Amai Esnal eta Mañel Serra.
Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, atxilotuak Batasunaren zuzendaritza berrosatu nahian zebiltzan, Bateragune organoa sortuaz. Probak eskuratzeko LABeko egoitza eta atxilotuen etxeak arakatu zituzten egun horretan bertan.
Asteazkenean, atxilotuak Madrilera eraman zituzten eta Garzonen aurrean adierazpenak noiz egingo zain daude.