Urriaren 17an, goizeko hamaikak aldera, Sasoeta ikastolako harri-koskorreko futbol zelaia jendez bete zen.
Jose Benito eta Iñaki Martija anaien zuzendaritzapean Sasoeta-Saustatxo taldean jokatu zuten lasarteoriatar taldea bildu zen bertan entrenatzaileei omenaldia egiteko.
Partida hasi baino lehen, Sasoeta ikastolako Ikasleen Guraso elkartearen izenean Rafael Adreuk oroigarri bana eman zien entrenatzaileei hainbeste urtetan egindako lanarengatik.
Ostean, bi taldetan banatu ziren, gazteak batean Iñaki Martijaren zuzendaritzapean eta zaharrenak bestean, Jose Benitoren esanetara.
Eta, era honetara, Martija anaiek berriro ere gogora ekarri zituzten entrenatzaile garaiak.