Garbitasuna eta lasarteoriatarren bizi kalitatea hobetzeko asmoz eta egokiak ez diren jarduerak ekiditeko, Lasarte-Oriako Udaleko Zerbitzu Publikoetako sailak herritarrei gogoratu nahi die zein den zaborra ateratzeko modu egokia.
Alde batetik, altzarien kasua dago. Altzariak ateratzeko eguna asteazkena da, 20:00etatik aurrera. Osteguna jai eguna den kasuetan, astearte gauetan atera beharko dira, lehen aipatutako ordu berean.
Departamentuko arduraduna den Martín Morenok azaldu duen moduan, "ikusten ari gara jendeak nahi duenean ateratzen dituela altzariak eta horrek kaleak zikindu besterik ez du egiten".
Bestetik, Zerbitzu Publikoetako sailak nabarmenki azpimarratzen du, lurrazpiko kontainerrak dauden eremuetan, zaborra ez dela utzi behar lehengo Z puntuetan. Udalak inbertsio handia egin du eremu horietako zabor guztia lur azpian edukitzeko eta Z puntuetan uzteak gastua handitzen du. Izan ere, lurrazpikoaz gain, espaloietan dagoen zaborra ere kendu behar izaten baitute zerbitzuek, lana bikoiztuz.
Morenoren hitzetan, "egokiak ez diren jarduera horiekin jarraituz gero, dagozkien isunak jartzen hasi beharko dugu. Herritarren laguntza behar dugu Lasarte-Oria garbi egoteko".