“Beldurra daukana atzean gelditzen da”

jon-altuna 2009ko urriaren 19a

Ez zuten suerterik izan Xanti Telleria eta [i]Princesa[/i] behorrak aurreko asteburuan Valladolideko zaldi lasterketan. Saltoak zeuzkan 2.000 metroko ibilbidean lehiatu ziren igandean 15 zaldunak. Zailtasunak zailtasun, lehen itzuli on bat egin eta gero bigarren itzulian erori egin ziren behorra eta biak. Minik ez zuten hartu baina amorrua bai, bigarren postuan ziren eta. "Hurrengo urtean berriro probatu behar" kontatu digu lasarteoriarrak.

Udazkenean ez da zaldi lasterketarik Euskal Herrian, hurrengoa abenduan izango da Orion, eta barruko harra asetzeko kanpoko probei begira da Xanti Telleria Pepeneako zaldi lasterkaria: "Urrian bada lasterketa bat Lugon eta azaroan beste bat Astuariasen. Oraindik ez dakigu, ez dugu erabaki baina agian joango gara. Bestela aspertu egiten gara eta".
Zaldi artean pasatzen ditu egunak Xanti Telleriak, usurbilen bizi den lasarteoriarrak. Astean zehar pare bat joan etorri egiten ditu Europara trailer handiarekin. 520 zaldiko kamiotzarra hartu eta Frantziako, Belgikako edo Italiako hiriren batera joaten da. Astean bi bidaia egiten ditu, "bat motza eta bestea luzea".
Gidari lanak uzten dion tartetan eta asteburuetan zaldiei egiten die kontu. Bost zaldi ditu Telleriak, bi lasterketakoak eta beste hiruak mendi aldera joan etorriak egiteko. Lasterketetan erabiltzen dituen odol-garbietako bat, Guarnizo zaldia hipodromoan dauka eta bestea Princesa, behorra, Zabaleta auzoko Pepenea baserrian, bere jaiotetxean. Betidanik eduki dituzte bertan zaldiak, baina ez oraingoak bezain azkarrak.

Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitatik, beti ibili naiz mendiko zaldiekin aita eta aitonarekin.

Pepenean jaiotakoa zara zu?
Bai, hemen betidanik izan ditugu zaldiak.

Noiz hasi zinen lasterketetan?
Duela zazpi edo zortzi urte. Española arrazako bi zaldi neuzkan erosita eta haiekin hasi nintzen, baina gero eta nibel handiagoa zen eta orain jada pura-sangreekin ibiltzen naiz. Hipodromoan nahi ez dituztenak erosi, etxean preparatu eta horrela ibiltzen naiz.

Zaldiak, beraz, erosi egiten dituzu?
Bat 15 urte eduki dut nirekin. Zaharra zen eta orain saldu dut.

Zenbat zaldi dituzu?
Orain bost, lasterketetan erabiltzeko bi pura-sangre eta beste hiru inguruan paseatzeko, umeak ibiltzeko,... bi español arrazakoak eta bestea angloarabea.

Lasterketatakoak zein adinekoak dira?
Batak lau urte ditu, besteak sei.

Eta zer moduz dabiltza?
Azkena ekarri dugunak, Princesak, azkenengo hiru karreretatik hirurak irabazi ditu, lehengoan Zizurkilen, Ikaztegietan eta Orendainen.

Eta bestea?
Bestea, Guarnizo, hondartzan erabiltzen dut. Zarautzen aurrena geratu zen, Lekeition eta Lagan ere bai, Donostian eta Orion bigarren,...

Beraz bata belarretan darabilzu eta bestea hondarretan?
Bai, Princesa oso azkarra da, baina Guarnizok erresistentzia gehiago du, gogorragoa da, eta hondartzan hobeto dabil.

Zenbat lagun ibiltzen zarete lasterketetan?
15 bat lagun, gehienak hemen ingurukoak, Oiartzun, Asteasu, Zizurkil, Orendain,... Bizkaiatik etortzen dira beste batzuk, neska bat ere bai; gurekin ibiltzen da, Iñaki Garmendia saltotan txapelduna den jockey profesionalaren anaia ere; Asier Mujika aurten Donostian irabazitakoa ere oso ona da. Purasangreak dituzte... Ni eta beste bizpahiru gabiltza aurrean. Nire iloba bat ere ibiltzen da zaldiekin, baina oraindik gaztea da. Bi zaldi dauzka.

Zuen artean lehia gogorra daukazue, ezta?
Bai pike handia dugu.

Lasterketa hauek, dena den, nahiko berriak dira, ala?
Aurrena Asteasun egin zen duela urte batzuek. Orain gero eta gehiago dira, aurten batetik bestera ibili gara. Jende asko dabil.

Sari onak al dira?
Sariak? Ez, 300 euro, 250 euro,... hor ibiltzen dira. Valladolid-eko saria ona zen, 3.000 euro baina zaldi onak zeuden. Ez nintzen sekula izan eta aurten probatu beharra nuen.

Parte hartzen al duzue Lasarteko Zaldi Lasterketetan?
Bai, Lasarteko hipodromoan lau karrera egin ditu bertan daukadan zaldiak, Guarnizok. Ramon Abial-ek preparatzen du, baina gaizki ibili da. Hor maila handiagoa dago. Princesa Hipodromo frantses batean aritu da: salto lasterketa batean probatu du, eta 12tik laugarren izan zen aurreko astean.

Beraz, hemengo karreratan eta profesionaletan, bietan erabiltzen dituzu zaldi berberak...
Bai, jockeyaren arabera da, goikoa, ezin da profesionala izan gure karreretan.

Eta zu zer moduz moldatzen zara zaldi gainean?
Poliki, ondo ibiltzen naiz, hori esaten dute behintzat.

Nahiko arina bazara, behintzat, ez dituzu kilo asko...
66, nahikoa. Ni naiz hor ibiltzen garenen artean arinena. Gero badira neska batzuk ni baino arinagoak, 55-56 kilorekin, baina emakumeak kurba txarretan atzera egiten dute. Ni hil ala bizi joaten naiz.

Eta arriskurik?
Bi saihets hautsita dauzkat orain hiru urte Zestoan erorita. Baina, beno, kaskoa eta txalekoa eramaten ditugu, derrigorrezkoak dira eta...

Txofer lanak denborarik uzten al dizu zaldiak zaintzeko?
Tarteka bai eta bestela asteburuan ematen dugu bueltaren bat Urnieta aldera, piskat entrenatzeko. Ikasi egin behar izaten dute kurbatan sartzen. Bi edo hiru karrera egindakoan, jada, bakarrik joaten dira.

Ez al duzu beldurrik izaten?
Ez, normalean beldurra daukana atzean geratzen da.

Zer nahiago duzu, hondarra ala belarra?
Berdin zait niri. Princesa behorrarekin, belarretan, kontrariorik gabe nago. Oso azkar dabil, kurbatan ondo sartzen da.

Lasarten atera beharko duzu?
Ibilita dago, frantziar hipodromotan irabazi ditu bi karrera. Baina hor estresatu egiten dira. Egunero entrenatu eta entrenatu, erre egiten dira. Nik hona ekarri, eta hilabetean edo bi hilabetetan larrera bota eta atsedenean uzten ditut, bere onera etorri arte. Oso zintzoak dira, baina, kaña eta kaña, nahastuta etortzen dira.

Halako zaldiak izanda, hemen ez duzu beraz kontrariorik?
Bai, beti azaltzen da norbait.

Tentsiorik izaten al da lasterketaren aurretik?
Bai handia. Lehen garai batean atzean nenbilenean lasai joaten nintzen, baina puntan ibilita tentsioa handiagoa da.