[i]El Greco[/i] hiru dimentsiotan

jon-altuna 2009ko urriaren 19a

Aste honetan jarriko dute hilerri batean Gotzon Huegun eskultorearen azken lana. [i]El Greco[/i] margolariaren [i]Orgaz kondearen hobiratzea[/i] maisu-lanetik ateratako eskultura. Lan desberdina izan da beretzat, hiru hilabetetan zizelkatu du Italiatik ekarritako bi tona eta erdiko harria; Carrarako marmol zuria uste zuen bezain bikaina dela frogatu du hilabete hauetan Lasarte-Oriako eskultoreak.

Miguel Angel eskultore ospetsuak Erroman bere maisu-lanak egiteko erabiltzen zuen Carrarako harrobietako marmol zuria erabili du azken lana egiteko Gotzon Huegun eskultoreak eta deseatzen dago diru apur bat aurreratu, berriro ere Italiatik marmol zuria ekarri eta eskultura berriren bat egiteko. Pare bat urte barru Donostian jarriko duen erakusketarako eskulturak egingo ditu orain dauzkan enkarguek uzten dioten tartetan.
Bazekien Carrarako harria ona zela, hori esaten zioten baina orain berak egiaztatu ahal izan du: Huegunen iritziz, oso material noblea da, lan egiteko erraz xamarra eta behin leundu eta gero bukaerako emaitza ere bikaina du. "Fama ondo merezia du" adierazi digu Lasarte-Oriako eskultoreak.

Bi tonako harri puska
Lanerako material goxoa dela aitortu arren, harria harria da, eta lan gogorra izan da, "nekatuta eta eskuak minduta amaitzen nuen egun askotan" kontatu digu Huegunek.
Hiru hilabetean aritu da Hernaniko bere tailerrean bi tonelada eta erdiko harria zizelkatzen eta aste honetan jarriko du bere bezeroaren panteoian, honek azaroaren 1ean domu santu egunez, hilerrian eduki nahi du eta. Ez da lan erraza izango, bi metroko altuera eta hainbeste kilo dituen harria kokatzea. "Gainera, ez da jada harri bat, orain landuta dago" dio, zerbait puskatzen bada konponbiderik ez duela jakinik.

Erronka handia
Gustura gelditu da Huegun egindako lanarekin. Eta bezeroa ere bai. Eskultoreak konpresorea erabili du baina detaileak eskuz landu ditu, esaterako begien definizioak, sudurretako zulotxoak eta aurpegietako espresioak lortzeko eskuz zizelkatu du harria.
"Mandatu bat baino gehiago hau erronka handia izan da niretzat" jakinarazi digu herriko eskultoreak. Estilo klasikoa ez du orain artean jorratu eta ez hori bakarrik: "honelako lehenengo lana izan da, gainera Carrarako
marmol zurian egina eta El Grecoren maisu lan bikain baten irudikapena".
Orgaz kondearen hobiratzea margo-lanaren goiko partea hartu du eskultura egiteko, hain zuzen ere, jainkoaren berpizkundea erakusten duena.
Gustuko du El Greco margolaria Gotzon Huegunek, “gorputzaren atal batzuk desproportzionatu egiten dituelako, adibidez eskuak burua baino handiagoak dira, baina hain juxtu horrek ematen dio beste jite bat, ezaugarri edota ikuspuntu desberdina. Figurak aldakorrak dira, bolatilak. Nire kezka hori harrian ateratzeko gai ote nintzen izan da".