Antzezlan gehiago eskainiko dira

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 19a

Larunbatean eman zitzaion Antzerkia Bultzatuz ekimenari hasiera. Begoña Bilbaok zuzendu duen Ate joka antzezlanarekin hain zuzen ere.
Antzezlan honetan bi pertsonen arteko elkarbizitza ez dela erraza ikusi ahal izan zen. Anderrek (Joseba Usabiaga) neskarekin utzi berria du, eta Txemarengana (Iker Galartza) doa ate joka, laguntza eske. Honek etxean hartzen du, elkarrekin bizitzeko.
Baina elkarbizitza ez da samurra suertatzen, bakoitzak bere maniak ditu... gainera, halako batean, Txemaren bizilaguna ere azaltzen baita, Anderri laguntza eskaintzera.
Jende ugari bildu zen kulturetxean, baita barre algara ederrak egin ere. Txalo zaparrada ederrak eskaini zizkieten aktoreei.

Beste bi obra
Ate Joka obra ikusi ahal izan zen bezala, Eusko Jaurlaritzak antzerki enpresak laguntzeko sustatzen duen Antzerkia Bultzatuz programaren baitan beste bi obra izango ditugu ikusgai hurrengo hilabeteetan.
Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxeak abenduaren 18an Las vacaciones de Josefa obra hartuko du eta urtarrilaren 15an, berriz, Desnudos en Central Park lana.
Larunbatean ikusgai egon zen Ate Joka obra bezala, hiru antzezlan hauetan humorea izango da ardatz nagusia.

Antzerkia Bultzatuz
Programa honekin, Eusko Jaularitzak ikuskizunen kontratazioan ematen ari den atzeraldi orokorrari erantzun zehatz bat ematea du helburu.
Lasarte-Oriako Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailak ere programa honekin bat egin nahi izan du arte eszenikoen sektorean enpleaguari eusteko neurri bezala.
Antzerkia Bultzatuz dagoeneko martxan dauden programen osagarri bat bezala aurkezten da, eta etorkizunean antzeko ekimenak aurrera eramatea aurrikusten da, bai haurrentzako antzerkiari, baita kalekoari begira ere.
Eusko Jaurlaritza da konpainien zerrenda eta kostuak ezartzen dituena. Finantzaketaren %34a Jaurlaritzari dagokio, %33 Lasarte-Oriako Udalari eta beste %33 txartelen salmentari. Txalo konpainiaren kasuan, Lasarte-Oriako Udalari dagokion zenbatekoa ere bere gain hartuko du.