VI. Aste Kulturalari agur

Txintxarri 2009ko urriaren 19a

Aurreko zenbakian aurreratu genuen bezala, lehengo astelehenetik igandera arte, Semblante Andaluz elkarteak bere VI. Aste Kulturala ospatu du.
Astelehenean, Juan Jimenez kidearen oroimenez minutu bateko isilunea egin ostean, ohorezko ardoarekin hasiera eman zitzaion aurtengo Aste Kulturalari.
Astean zehar, lehiaketak izan dira nagusi, mus eta tute txapelketak, poto eta patata tortila lehiaketa eta haurrentzako marrazki lehiaketa.
Azken honetan gaia Eguberrietako motiboak ziren, egun hauetan egin duen hotzarekin bat zetorren gaia.
Lehiaketaren ostean, gainera, haurrek jolasaz gozatzeko aukera izan zuten, baita txokolate bero-beroa edatekoa ere.

Hitzaldia eta kantaldia
Larunbata arratsaldean, Andaluziako ferien giroa erakarri zuten Antonio Pedraza eta Semblante Rociero abesbatzako kideek.
Lehenik barkamena eskatu zuen Rafael Gomez hizlariaren izenean eta ostean Andaluziako probintzia ezberdinetako ferietako folklorea eta gastronomiari buruz hitz egin zuen Semblante Andaluzeko lehendakariak.
Hitzaldiari lagunduaz, Semblante Rociero abesbatzak sevillanak abestu zituen eta Malagako verdialeak entzuteko aukera ere egon zen.

Bazkaria
Igandean, giro ezin hobean elkarteko 60 bat kide herri bazkarian bildu ziren, paella, saiheskia eta entsalada eta postrea dastatzera.
Arratsaldean, Karmen Vegasen haur taldeen dantza saioa ikusi zen. 51 haurrek, 2 urtetatik 11ra, taula gainean ikasitako guztia ederki erakutsi zuten.
Ostean, txapelketa ezberdinen sari banaketa burutu zen. Eta VI. Aste Kulturalari amaiera emateko, Rocioko Salbea eta Andaluziako Ereserkia abestu zuten.