Futbola omenaldi gisa

Txintxarri 2009ko urriaren 19a

Larunbata, goizeko hamaikak aldera, Sasoeta ikastolako harri-koskorreko futbol zelaia jendez bete zen.
Jose Benito eta Iñaki Martija anaien zuzendaritzapean Sasoeta-Saustatxo taldean jokatu zuten lasarteoriatar taldea bildu zen bertan entrenatzaileei omenaldia egiteko.

Futbol partida
Partida hasi baino lehen, Sasoeta ikastolako Ikasleen Guraso elkartearen izenean Rafael Adreuk oroigarri bana eman zien entrenatzaileei hainbeste urtetan egindako lanarengatik.
Ostean, bi taldetan banatu ziren, gazteak batean Iñaki Martijaren zuzendaritzapean eta zaharrenak bestean, Jose Benitoren esanetara.
Eta, era honetara, Martija anaiek berriro ere gogora ekarri zituzten entrenatzaile garaiak.
Partida hasi baino lehen, Jose Benitok ohartu arazi zien adinak barkatzen ez duela eta denak bazkarian ikusi nahi zituela.

Omenaldia bazkarian
Giro onean jokatu zen partida. Honen ostean, dutxatu eta, Goiegira bazkaltzera joan baino lehen, pote batzuk hartu zituzten auzoan.
Bazkal orduan, partidara joan ezin zutenak taldearekin bat egin zuten. Guztira, Martijatarren 70 bat mutil bildu ziren Goiegin.
Horregatik, jatetxeko harreran agurra dantzatu zitzaien omenduei eta emazteei lore sortak eman zitzaizkien.
Eta ederki bazkaldu ostean, omenaldiak jarraitu zuen. Oraingoan, mutil taldeak guztien izenak idatzirik dituen kamiseta oparitu zieten Martija anaiei.