HIESAren inguruan hausnaketa egiteko gonbitea

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 21a

Eskulturak, zeramika, kristala, olio-pinturak, teknika mistoak edota papera HIESAk herrialde ahulenengan sortzen duen errealitatea deskribatzeko. Sormenerako ardatz gisa, Afrika subsahariarra hartu dute erakusketan parte hartu duten zortzi artistek. Herrialde honetan aurkitzen baitira HIESA infekzio kasu gehienak.
HIESA mundu mailako gaixotasuna bihurtu da 80ko hamarkadan agertu zenetik. 2006an 3.000.000 lagunek bizia galdu zuten gaixotasun honen eraginez, eta kasu gehienak hegoaldeko herrialdeetan agertzen dira. "Oso modu negatiboan eragiten du herri hauen garapenean, beraz, Medicus Mundi Gipuzkoatik sentsibilizazio kanpaina bultzatzen ari gara" adierazi zuen Gema Hierrok, GKE horretako garapenerako hezkuntzako teknikariak, asteartean emandako prentsaurrekoan. Proiektu honek bi ekintza nagusi izango ditu, alde batetik, aipatutako erakusketa eta bestetik, gazteak sentsibilizatu nahian, gaur 10:00etatik 13:00etara La primera vez eta El secreto mejor guardado laburmetraien emanaldia. Proiekzioaren ostean, Joseba Errekaldek, IHESAren aurkako Harri Beltza taldeko kideak, hitzaldia eskainiko du, gazteekin solasaldi bat izateko asmoarekin, eta dituzten zalantzak, nolabait argitzeko.
Proiektu hau Lasarte-Oriako Udalaren laguntzarekin gauzatu da herrian eta Medicus Mundik eskerrak eman nahi izan die hartutako konpromisoagatik. "Oso garrantzitsua da udalek proiektu hauetan parte hartzea, iparraldeko herrialdeetan bizi garenok, hegoaldeko herrialdetan bizi duten errealitateaz jabetu gaitezen, eta era berean sentsibilizatu gaitezen" adierazi zuen Inmaculada Villak, Medicus Mundi Gipuzkoako lehendakariak.
Erakusketa Manuel Lekuona kulturetxeko erakusketa aretoan ikusgai edukiko duzue gerturatu nahi duzuen orok, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara. Hilabete amaiera arte izango duzue aukera