Areto futboleko taldeek zorte ezberdina izan dute

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urr. 22a, 02:00

Denboraldia hasi berri da eta areto futboleko lau jardunaldi besterik ez dira jokatu. Hala ere, herriko areto futboleko taldeak egoera ezberdinean daude.
ISU Leihoak taldea Gipuzkoako Ligan partida guztiak irabazi ditu eta sailkapeneko lehenengoa dago.
Honekin, denboraldi hasieran bere entrenatzaileak esandakoa berresten dute, iazko denboraldiaren antzera lehenengo postuetan egoteko lan egingo zutela eta ahal izanez gero, igoera lortu.
Horrela jarraituz gero, behintzat, lortuko dute helburua.
Aldaz H.K. taldea, berriz, taularen azkeneko postuetan dago Nazional B mailan partida guztiak galdu ondoren.
Denboraldi hasieran argi zuten Aldazeko jokalariek aurtengo denboraldi zaila izango zela. Oscar Garcia entrenatzaileak aipatu zigun bezala, maila berrira ohitu eta aurrean dituzten taldeen esperientziaren aurka lehiatzea gogorra izango zen eta emaitzak ikusirik horrela da.
Hala ere, denboraldi asko geratzen da eta maila horretan mantentzeko ahalegin guztiak egingo dituzte Aldazeko mutilek.

Saskibaloia

Kirolaz aldatuaz, gizonezko saskibaloi senior taldeak lehengo astean hasi zuen denboraldia izena aldaketarekin.
Urte askoan bere babesle izan den Ainhoa tabernak Jalai tabernari eman dio erreleboa eta denboraldi honetan behintzat izen honekin lehiatuko da.
Eta izen aldaketa ez da gaizki etorri, lehengo asteko norgehiagokan garaipena lortu baitzuten lasarteoriatarrek Easo Zahar-Mad taldearen aurka, 36-53.