Lur Sagar gaur Kulturetxean

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 23a

Urriaren 23an, ostiralean "Lur sagar" ekimena iritsiko da Lasarte-Oriara. Ekimen honek hiztegi freskagarri bat eskaintzeaz gain, hiru mundu bereziren giroa adierazteko fisikaltasun bizia erabiltzen du dantzaren bitartez. Ekitaldi hau Lasarte-Oria Dantzan 2009, dantza garaikideko programazioaren barnean sartuta dago. Hiru koreografo europarrak mugimenduz eta kemenaz eszenatokia beteko dute, dantzaren bertute fisiko eta antzezpenaz baliatuz.
Dantzaz konpainia sormen izugarria duen konpainia gisa, eragina izan du euskal eszenan.
Landutako programek, lanketa fisiko ikaragarria dotoretasun eszeniko harrigarriarekin bateratzen dute.
Parte hartzen duten dantzariak ez dira profesionalak, ikasle eta amateur-en artean aurkitzen ditugu. Dantza ikasketak egin, egin dituzte, baina ez dituzte profesional bilakatzeko ikasketak burutu. Taldean hamar lagun aritzen dira, une honetan sei neska eta lau mutil. Adriana Pouse da zuzendari artistikoa, uruguaitarra. Biarritz Balleta uztea erabaki zuen Dantzaz Konpainiaz arduratzeko.
Ostiralean berez, dantza garaikidearen V. Zirkuitoa iritsiko da Lasarte-Oriara. Euskal Autonomi Erkidegoko antzoki publikoen sareak antolatu, Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta Diputazio eta Udal ezberdinen laguntza jaso du zirkuitu honek.
Bi helburu nagusi ditu; alde batetik, formato txiki eta erdiko produkzioak erakusteko espazio egonkorren eskasia dela-eta, sektoreko profesionalek eta zaletuek dituzten kezkei aterabide bat ematea, eta bestetik, honelako ikuskizunetara publikoa erakartzeko antzokiek egiten duten ahaleginean laguntzea.