Umetzat gaituzte

pablo-barrio 2009ko urriaren 23a

Umetzat gaituzte, bai. Erraz engainatzekoak. Eta gainera esan egiten digute. Duela bi aste egunkari salduenean agertutakoa dugu azken adibidea. Lasarte agertzen zen goi-goian, lehenengo orrialdean. Ez zutabe bat ez bi ez hiru. Denak. Zutabe guztiak hartzen zituen albisteak. Ezin inportanteagoa, beraz, Lasarte. Ez Obama ez kristo. Lasarte. Ejem, eta Usurbil.
Albisteak zera zioen, "Zubietako errauskailua zulo batean eraikiko da paisaian eragindako inpaktua saihesteko". "Tximiniak 45 metro izango ditu, baina 5 bakarrik eraikinaren gainetik". "Usurbil eta Lasartetik zuhaitzez berritutako mendi-mazelak baino ez dira ikusiko". Azpiko mezua, ezin argiagoa: zuek lasai, umeak, (ia) ikusten ez bada (ia) ez da existitzen.
Baina-baina, hauek zer uste? Alfonbra azpian gordetzen dugula etxeko zaborra? Ohe azpian? Aulki azpikoetan pega-pega ezkutatzen ditugula txikleak? Mahai azpikoetan sudurreko pilotatxoak? Ikusten ez direnez...!
Astelehen honetako Txintxarrin Errauskailuaren Aurkako Plataformaren idatzia agertzen zen. Engainatuta sentitzen dira. Umeak bezala tratatuta. Bide antzuan sartu dituztela. 35.000 sinadura bildu eta... ezta entzun ere ez diete egin! Sutara sinadurak! Erre.
Larria da salduenaren lehenengo orrialdean umetzat hartuta agertzea. Larriagoa, baina, haiek, errauskailuaren alde, beren interesen alde, mota horretako argudioak eraginkortzat hartzea. Zer pentsa ematen du horrek, ezta?