Lasarte-Oria Bai! Kroserako guztia prest

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 23a

Iritsi da eguna, Lasarte-Oria Bai! Krosaren eguna. Igandean goizeko 10:30ean hasi eta ordu betez mila korrikalari baino gehiago ibiliko dira gure herriko kaleetan barrena.
Garaipena lortu edo Behobia-Donostia lasterketa prestatzeko asmoa badute ere, guztiek aurtengo aldaketak sufritu beharko dituzte.

Aldaketak

Herrian dauden lanak direla eta XIV. Kros herrikoiak 300 metro gutxiago izango ditu, beraz, 10,500 kilometrotako luzera du aurten.
Honela, irteera eta helmuga Okendo plaza ondotik Ostadar Kirol Fundazioaren egoitza aldera aldatu behar izan dute.
Era berean, epaileak eta podioa lekuz aldatu dira. Podio Tripontzi jangelaren atearen aurrean egongo da eta epaileak kirol elkarteko egoitzan.
Baina azken aldaketa hauek ez dira korrikalarientzat hain garrantzitsuak. Ibilbidea, berriz, bai.
Sorpresa ederra eramango dute korrikalariek igandean. Kroseko aurkezpenean ibilbide aldaketa egingo zela azpimarratu bazen ere, Ostadar K.F.-tik jakin arazi digutenez, aurreko urteetako ibilbidera bueltatzea erabaki da.
Hala ere, honek ere aldaketatxoren bat izango du.
Hurrengo orrialdeetako mapan ikusi daitekeen bezala, Atsobakarreko errotondan Goiegi aldera egingo da eta hortik Martin Berasategira; malda jaitsi eta tunela pasa ostean, eskubira egingo da Beko kaletik barrena; Osasun zentro berriaren parean ezkerretara hartuko da, Kale Nagusiko rotonda berria zeharkatu eta bertan ibilbide zaharra hartuko dute berriro ere parte hartzaileek.
Ostadarreko arduradunek adierazi digutenez, “lehengo asteko erabakia izan da, lehengo urteko ibilbidera bueltatzea.”
Era berean, Goiegi eta Zubieta bideko egoera dela eta, gurpildunen lasterketa bertan behera geratu da.
Honetaz gain, antolakuntzako arduradunek jakin arazi nahi dute, Goiegiko zatian zorua ederki dagoela korritzeko, ez ordea Zubietako bidea.
Asfaltatzeko prest badago ere, estoldako hartuneek arazoak sor ditzakete. Hala ere, antolatzaileek piboteak jarriko dituzte parte hartzaileek hauek non dauden jakin dezaten.
Beste aldaketetako bat sari banaketa ekitaldian dago.
Beste edizioetan Kros txikiaren ostean egin ohi zen, baina aurten hau hasi aurretik egingo da. “Txipak horretarako aukera ematen digu eta modu honetan irabazleek ez dute horrenbeste denbora itxaron beharko. Kanpokoentzat batzuetan gehiegizkoa zen,” aipatu zuten antolatzaileek kroseko aurkezpenean.
Honetaz gain, korrikalarien kopurua 1300era murriztu dute antolatzaileek.
Lasarte-Oria Bai! Krosa Gipuzkoa mailan egiten den jendetsuenetarikoa da.
Azkeneko urteetan 1200 korrikalarien muga gaindutu da, errekorra 2006an izan zen, 1363 parte-hartzaileekin.
Antolatzaileek ordea, ez dute erraza ikusten, beste lasterketa batzuk baitaude asteburu horretan, Donibane Loitzune lasterketa egun horretan bertan, esate baterako.
Oraingoz, antolatzaileen kalkuluen arabera, 600 pertsonek eman dute izena, igandera arte denbora dago oraindik. Bihar Ostadarreko egoitzan egin dezakezu 11:00etatik 13:00etara edo igandean bertan Michelingo kirol gunean.
Baina ez ahaztu kopurua mugatu dela eta igandean eginez gero, 15 euro ordaindu behar direla. Beraz, mugi zaite!
Azkenik, izena emateko orduan ematen den kamisetaren aldaketa dago. Orain arte, kotoizko kamiseta zen, aurten teknikoa da, diseinu berria du eta koloreagatik gauetan korrika egiten dutenentzat aproposa.

Kontuan izan

Baina, gauza hauetaz guztietaz gain, badaude korrikalarik kontuan hartu beharreko beste puntu batzuk ere.
Batetik, larunbatetik igandera egiten den ordu aldaketa, gaueko 3:00etan 2:00ak dira.
Urteak dira Krosa eta ordu aldaketa asteburu berean egiten direna eta ordua atzeratzen ez duen norbait dago beti. Ondorioz, ordu bete lehenago iristen da Michelinera.
Ordu bete hori deskantsatzeko aproposa da. Ea nor den aurten lehenago iristen dena!!!!
Bestetik, txipa eskuratzeko ordutegia 9:00etatik 10:15era da. Kirol Guneko, Michelingo frontoian egiten da eta behar-beharrezkoa da dortsala aurkeztea. Dortsala aurkezten ez duenak ez du txipik izango.
Gainera, urtero moduan, lasterketa amaitzean ura emango zaie partehartzaileei eta honetaz gain, postu bat egongo da, non fruta eta freskagarriak egongo diren korrikalarientzat.
Honetaz gain, kirol guneetako instalazioak erabiltzeko aukera dute partehartzaile guztiek eta hainbat opariren zozketan parte hartuko dute ere.

Kros txikia

Eguerdian, 12:00etan puntu puntuan, Kros Txikiaren IX. Edizioaren txanda izango da.
Bost eta hamalau urte arteko 800 korrikalariren lasterketa zirkuitua Geltoki eta Uistin kalea izango dira.
Sei mailatan banatuak eta adinaren arabera, etxeko txikiek 100, 150, 400, 800 eta 1200 metroko ibilbideak osatu beharko dituzte.
Umeen lasterketak ere aldaketak izango ditu aurten ibilbidean, baita umeak eramateko lekuan ere.
Irudian ikusi daitekeen bezala, 2002 eta 2004 urte artean jaiotakoek, aurreko urteetan bezala Landaberri DBHko eraikinaren aurrean dute harrera gunea.
Beste talde guztien harrera gunea, hau da, 2001 urtetik 1994ra jaiotakoena lekuz aldatu da. Aurten Michelingo kirol gunean bilduko dira guztiak.
Antolatzaileek eskertuko lukete, 11:30etan haur guztiak bere harrera gunean egotea.
Era honetara, taldeak antolatzeko denbora egongo da eta, ondorioz, lasterketak era azkarrean egin ahalko dira.
Harrera gunetik irteera punturako bidea begiraleen laguntzaz egingo dute.
Ibilbideari dagokionez, helmuga eta irteera, 1994-2001 urte arteko haurren kasuan, Ostadarreko egoitza aurrean egongo da.
Ondorioz, aurreko urteetan, txikien lasterketak Manuel Lekuona Kultur etxetik Okendora egiten baziren ere, aurtegoan hauen norantza aldatu da.
Era berean, irteera puntuak ere aldatu dira. 2004 urtean jaiotako haurrek Correos parean dute irteera eta 2003 eta 2002 urteetakoek Goxogi ondoan. Beste haur guztiak, arestian aipatu bezala, helduen Kroseko irteeratik aterako dira.
Ibilbide honek ere aldaketak izan ditu norantzan. Beraz, haurrek lasterketari hasiera eman eta eskubira egingo dute Blas de Lezo kalera, jarraian ezkerrera hartu eta Uistin kaletik barrena Hipodromo Etorbidera egiteko, bertan metro batzuk korritu eta berriro ezkerrera egin beharko dute Geltoki kalea hartu eta kale honen bukaeran dagoen helmugara iristeko.
Adinaren arabera, bira bat, 2 edo 3 bira egingo dizkiote ibilbideari, laguntzaileekin eta azkeneko metroetan esprinta egingo dute irabazlea erabakitzeko.
Hau guztia, ederki ikus daiteke, goian dagoen irudian.
Haurren izena emateko azken eguna, helduen kasuan bezala igandean izango da. Ordutegi eta leku berdinetan egin ahalko da.
Izena ematearekin batera antolatzaileeek kamiseta eta galtzerdiak emango zaizkie. Lasterketa egunean, berriz, domina egongo da guztientzat, baita edateko jogurta ere.
Baina azkeneko eguna izanik, antolatzaileek jakin arazten dute, adinaren arabera, ez dela ziurra dortsala egoterik, ezta guztien tamainako kamiseta eta galtzerdiak ere.