Kroseko talde-eskoba zarete, zer da kirola edo show-a?
Nik esango nuke kirola dela, show-a baino. Baina egia da hasieran showa egiten genuela krosa bultzatzeko, beraz show-tik ere zerbait izango du azken finean. Gu ondo pasatzera joaten gara krosera, ez gara joaten markak egitera.
Beti egon gara kirolari lotuta, futbolean, palan, korrika... denetan ibili gara pixka bat. Eta halako batean, esan genuen, zergatik ez gara ateratzen krosean azkenak eskoba moduan? Inori ez zaio gustatzen azkena iristea, ba orduan gu izango gara azkenak.
Krosa sortu zenean izan al zen?
Krosa sortu eta bigarren urtean. Lehendabiziko urtean normal atera ginen, baina ez ginen prestatu errekorra egiteko, eh! Orduan, orain dela 15-20 bat urte, Behobia-Donostia proban ateratzen ginen eta iparraldekoek zeinen ongi pasatzen zuten ikusten genuen. Gogoan dut haiek korrika egitera baina ondo pasatzera joaten zirela, mozorrotuta, kuadrilan... Ez ziren markak egitera joaten.
Gure koadrilla beti egon da Ostadarren sartuta. Beraz Ostadarri laguntzeko eta kirola bultzatzeko ideiarekin erratzarekin ateratzea erabaki genuen. Hasieran, pentsatu genuen peluka bat jantzi eta bata batekin ateratzea jendeak ez ezagutzeko, baina gerora, beroa zela eta peluka baztertzen joan ginen. Azken urteetan jada ezagutzen gaituzte.
Urtero aldatu duzue mozorroa...
Normalean mozorrotzeko gai bat hartu dugu: aurten zer geratu da? Ba hau edo bestea eta konplikatu gabe prestatzen dugu. Pailazoek Udalarekin arazoa izan zutenean pailazoz atera ginen, edo errausketaren gaia atera zenean horretaz.
Dena den beti ez duzue jantzi erosoa aukeratu. Buruhaundiekin nola ibili zineten?
Ba gaizki... azkenean 10 kilometro dira, 10 t'erdi eta jada guk 50 urte ditugu. Kontua txoroarena egitea da, gurea ez da kirola egitea, baina azkenean 10 kilometro egin behar dira.
Arrastaka ibiltzen al da jendea 10 kilometro ziztrin egiteko?
Batzuk justu-justu iristen dira. Baina, gu animatzen joaten gara atzetik, “lasai, gu joango gara azkenak”. Gure atzetik ez da inor joaten. Gu katxondeoan aritzen gara atzean, baina gu ere jota gaude.
Entrenatzen al duzue?
Pixkatxo bat.
Zenbat lagun ateratzen zarete?
Lehen koadrilakoak ateratzen ginen, baina pixkanaka batzuk utzi egin dute: batek edariarengatik, besteak pisuarengatik... orain beste batzuk ateratzen dira gurekin, lagunak, koadrilako baten anaia,... Batzuk lehen ondo ibiltzen ziren, baina adinean aurrera doaz, eta orain gurekin aterako dira, ondo pasatzen dugu eta. Gero bazkaltzera joaten gara denok. Batzuk korrika egiten dugu eta besteek bazkaria prestatu.
Eta noiz arte aterako zarete ateratzen zaretenak?
Beste urte batzuk bai. Ahal dugun bitartean... Nik gu bezalako talde gehiago ateratzea bultzatuko nuke, ez bakarrik atzealdean, erdi parean ere badaukate joaterik, adibidez Ostadarreko talde bat, ondo pasatzera, ez kristoren markak egitera. Markak egitea ondo dago, baina azken finean kros herrikoia da, herriko ahalik eta jende gehienak parte hartu behar du eta joaten denak, ondo pasatu. Ze interesatzen zaigu bizilagunak zein denbora egin duen?
Nola animatzen dituzue larri doaztenak?
Ez ditugu bakean uzten, baina norbaitek ezin badu DYAren anbulantzian sartzen dugu. Denetarik egiten dugu.
Zenbat denboran egiten dituzue 10 kilometroak?
Ordu bete eta hogei minutu inguru. Korrika, baina oso mantso joaten gara, ia-ia oinez. Azkenean, zubiaren inguruan, ezin dutenak baldin badira, jada oinez joaten gara.