“Pena dut aurten ezin dudalako atera”

jon-altuna 2009ko urriaren 23a

Eulogio De la Sernak ez du aurten Lasarte-Oriako Krosean parte hartzerik izango. Gogoz kontra baina gerri inguruan duen minak ez dio aukerarik eman. Ibili da azken asteotan masajista eta medikuekin baina ez ateratzeko esan diote eta pena handia du eskarmentu handiko korrikalariak. Santos Uribe bere laguna aterako da eta hura animatuko duela esan digu.

Maratoi korrikalarien artean nahiko zabaldua da trocanteritis-a. Mokorra eta izterreko femur hezurra lotzen diren puntua hazita, oso lesio mingarria da. Duela bospasei hilabete hasi zen Eulogio de la Serna izter gaineko minarekin eta ez du azken hilabeteotan korrika egiterik izan, eta hori da hain juxtu gusturen egiten duena.
29 aldiz bukatu du Zabaleta auzoko korrikalariak Behobia-Donostia proba, bere lasterketa kuttuna: Hainbat urtetako parentesiaren ondoren, 1979an, berriro lasterketa martxan jarri zenetik 2007ko azarora bitartean urtero urtero bukatu zuen kalerik egin gabe. Emazteak sarri esaten zion uzteko eta urte horretakoa azkena izango zela erabaki zuen. Ia 75 urte zituen.
Egin zuen denborarik onena ordu bete eta erdi izan da, baina horri ez dio garrantzirik ematen Eulogiok: “Kontua ez da denbora ona edo txarra egitea, garrantzitsua iristea eta ondo iristea da. Indartsu eta lasai, karreran gozatu ondoren”. Bera kirolzalea izan da betidanik, baina aitortzen du “gogorra” dela: “segi eta segi egin behar da kirolean eta ehuneko 90ak utzi egiten du. Ez dute agoantatzen. Edozein kiroletan ondo iristeko saiatu egin behar da. Pena ematen dit batzuk nola iristen diren ikusteak. Nik gero bazkaria prestatzen nuen: etxean dutxatu eta Intzara bazkaltzera”.

Hiru maratoi

Behobia-Donostia probak egiten hasi aurretik Donostiako maratoia korritu zuen hiru aldiz. “Antton Nogueras Urkiko arraunlaria laguna nuen, bera ikustera joan nintzen eta esan nion: zuk lasterka egiten duzu eta nik ez? ba prestatu egingo naiz”. Horrela hiru maratoi bukatu zituen, azkarrena hiru ordu eta 44 minutuan. Laugarrenean erretiratu egin zen 30. kilometroan tendinitisarekin. Jada Behobia-Donostia martxan zen eta nahiago zuen: “42 kilometro asko dira, indar handia behar da, entrenamendu zorrotzak egin behar dira,... maratoia serioa da. Behobia, aldiz, beste istorio bat. Baina honetarako ere entrenatu beharra zegoen, ez sofritzeko”.
Asko miresten du Behobia-Donostia Eulogiok: “oso proba polita da, ikusleek 10 bat merezi dute asko animatzen dute eta. Ez dut sekula horrelakorik ikusi. Ateratzen zarenetik hasi eta helmugara iritsi bitartean etengabe da jendea animatzen, milaka eta milaka ikusle”.
Aurten pena handia du ezin duelako Lasarte-Oriako Krosean parte hartu. 1996tik urtero bukatu du baina argi dauka ondo egon behar duela ateratzeko: “arazoren bat baldin badaukat ez naiz aterako” esan zigun duela bi aste eta masajista zein medikuekin ibili bada ere azken egunotan baieztatu da bere susmo txarra eta ez da aterako.
Medikua bera ere harrituta utzi zuen adina esandakoan, ez dirudi 76 urte dituenik. Trocanteritis-a alde batera utziz gero, dena oso ondo omen dauka. Oso triste zen aste honetan ezin duelako parte hartu: “Ez dut pentsatu ere egin nahi. Gainera ez dut ulertzen nola gertatu zaidan. Bizitza osoan ez dut lesiorik izan. Fisikoki ondo nago, iaz ere 55 minutuan bukatu genuen”.
“Medikuak esan zidan “Eulogio pazientzia” behin eta berriz, “ez ibili arinegi, pazientzia”. Jakina, egonezina da, oso urduria naiz, ipurterrea,...” Baina erretiratzean ez du pentsatzen: “gustukoa dut eta egun batetik bestera utzi? sekula”.
Memorian ez du lesiorik eta gogoan du behin Martin Berasategi sukaldariarekin korrika egin zuela Lasarteko I Kros herrikoian. “Oso korrikalari ona zen, Martinek irabazi zuen bere mailako lasterketa”.

Omenaldia

Krosean omendua izan zen iaz Eulogio de la Serna eta hunkitu ere egiten da. “Espero ez nuen zerbait izan zen. Aurkezpenera joateko esan zidaten eta han nengoela esan zuten omenaldi bat egingo zidatela. Ilusio handia egin zidan, lehenengo omenaldia zen, herrian bertan... Jende asko elkartu zen, oso pozgarria izan zen eta jarraitzeko indarra eman zidan, jendeak maite nau”...
Lasterketa eguneko oroitzapen polita dauka: “izugarria izan zen, bat zenbakia jarri zidaten eta denak “Eulogio, Eulogio” oihuka. Bihotz piska bat duenari hori betiko hor geratzen zaio. Denek esaten zidaten zerbait, “mutil koskor” deitzen zidaten, Santio bidea egin nuenean ere horrela deitzen zidaten, “el chaval”.

Santio Bidea

Bi aldiz egin du Santio Bidea Orreagatik Compostelara. “Duela 13-14 urte, bizikletan, 8 egunetan egin nuen, eta duela 10 bat urte, oinez, 24 egunetan. Bietan oso ondo ibili nintzen”. Korrika egingo zenuen? “Ez korrikarik egin gabe eta bizkarrean kazuelarekin burutu nuen”. Lagun onak egin zituen, Eulogiok kontatu digunez, egunero otordua prestatzen zien lagun berriei eta hauek denei esaten omen zien: “hor datoz euskaldunak, ikusiko duzue sukaldean sartzen direnean zein usain goxoa egongo den.”
Sukaldean saltsan aritzea gustuko du eta jarduten da Intza elkartean edo Zabaletako plazan duen Txokoan, festaren bat denean, Korrika iristean edo beste edozein aitzakiarekin. Aurten, Korrikaren lekukoa eraman zuen: “Bai eta bi aldiz gainera. Lehenengo Zabaleta auzoan eta gero behean Intza elkartearena. Korrikako antolatzaileak ere harrituta ziren”.
Ondo gogoratzen du Korrikan beti egin dituela hainbat kilometro: “Lehenengo urtetan asko. Behin gauez Andoainen hartu nuen lekukoa eta Lasarteraino etorri nintzen”.
Atletismoa beretzat zer izan den galdetuta, garai batetako parrandetaz gogoratu da: “Nire bizitza izan da. Garai batean sekulako parrandak egiten genituen, ostiralero elkartera joaten ginen afaltzera, a tope, ardo basoak goraino betetzen genituen, purutxoak erre,...” Korrika hastean utzi zuen hori: “Zer erremedio!, 22:30etarako ohera, badakit goizean entrenatzea askoz ere hobea dela eta” esan digu irribarretsu. Orain otorduetan bakarrik edaten du ardo baxo-erdiren bat.
Kirola sutsuki defenditzen du: “Ona da. Ni nahiko parrandazalea izan nintzen eta kirolari esker ondo nago. Gutxi izango dira 76 urterekin ni bezain ongi daudenak. Ez naiz geldirik egoten. Hara eta hona nabil”. Kirola eta parranda alderatu egiten ditu: “Maratoietan, han eta hemen, zebilen lagun bat orain errenka dabil. Kirola ardoa bezalakoa da, mozkortzen baldin bazara,... denak dauka bere neurria.”

Asma sendatu

Betidanik izan da atletismo zale. Lasarteko Krosa ikustera aspaldi etortzen zen hipodromora, “Donostiatik oinez”. “Atletismoa beti gustatu izan zait, futbolean eta pilotan ere ondo egiten nuen, baina asma neukan, itsasertzean bizi nintzen eta askotan izaten nuen ito-larria. Hona bizitzera etorri eta ez dakit itsasoa, hezetasuna, kresala edo zer zen, baina han ito egiten nintzen eta hemen ez. Laugarren pisuan bizi ziren aiton-amonak Egian eta askotan anaiak bizkar gainean igo behar izaten ninduen. Orain lagunek ikusi eta harrituta geratzen dira aldaketarekin” kontatu digu.
Laguna korrika ikusi eta bera ere hasi zenetik, ia egunero entrenatu du urtetan gutxienez 40 bat minutu. “Gero luzamenduak gimnasioan eta elkartera, kafea eztiarekin hartu, fruta jan, erosketak egin eta berriz etxera. Nik ere prestatzen dut bazkaria, eta arratsaldean atseden hartu”. Garai batean Lasartetik Tolosaraino joan etorria egiten zuen entrenatzeko. “Orain ezin izango litzateke. Hemen ere ibiltzen nintzen, Zabaletatik atera, Santa Barbarara igo, eta buelta. Badakizu zelako aldapak dauden”. Orduan urtean 1.600-1.700 km. inguru egiten zituen.
Lanean ari zenean arratsaldeko lauetarako libre izaten zen eta Michelinera joaten zen entrenatzera: “orduan ez zegoen polikiroldegirik. Behin zelaiari 50 itzuli eman nizkion. Nik uste errekorra daukadala. Gero suertez 54 urterekin hartu nuen erretiroa eta ordutik ez naiz geldirik egon”.
Lasarteartuta badago ere donostiarra da izatez: “Altzan jaio nintzen 1933an. Gurasoak Medina del Campokoak ziren, Valladolidekoak. Aitak trenetan lan egiten zuen eta amak Hernanin gaileta fabrika batean. Aiton amonak etorri ziren Hernanira bizitzera. Aitonak ere Renfen egin zuen lan. Lasartera ezkondu nintzen; emaztearen amak, Oñatikoa zen, ez zekien gazteleraz. Euskaraz egiten zuen bakarrik. Nik ez nuen ikasi, nahikoa nuen lan egitearekin. Baina bai, daukadan pena handiena hori da. Nire alabak eta bilobek egiten dute, noski. 9 eta 13 urte dituzte”.
Segituan bertakotu zen Lasarte-Oriako bizitzan eta Zabaletako proba mistoan urtetan atera da, “herri erdia etortzen zen ikustera” kontatzen du pozik, eta herriko Triatloietan ere parte hartu zuen: “Hiru egin ziren eta batean beteranoen mailako saria jaso nuen. Igeri egiten genuen 500en bat metro, gero korrika 7 bat kilometro eta 20-25 bizikletan. Egin egin behar ziren, eh?”.

Santos Uribe

Lagun asko ditu Eulogiok Zabaleta auzoan, bat Santos Uribe kirolaria: “lagun on eta korrikalari on bat da” dio berak. Askotan atera dira elkarrekin korrika, adin bera daukate, baina bere ustez desberdin jardun dute. “Txapelketa askotan izan da Santos eta hori gogorra da. Esan bezala kiro lari handia da, eta pertsona bezala ere handia”.
Eulogio bera aldiz ez da sekula federatuta izan. “Horrek beste bete behar batzuk eskatzen dizkizu eta. Gainera batera eta bestera dabiltza. Nik uste egin dudanarekin nahikoa dela. Oso pozik nago izan dudan bizitzarekin. Gustukoa dut eta gustura aritu naiz”.