Noizko Atez Atekoa

Txintxarri 2009ko urr. 23a, 02:00

Urte eta erdi baino gehiago pasa da (2008ko martxotik) Lasarte-Oriako Udal Batzak udalerrian atez-ateko gaikako bilketa martxan jartzeko konpromezua hartu zuenetik.
Orduz geroztik gauza asko pasa da.
Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioak temati jarraitzen du errauskailu bat eraikitzeko asmoarekin, udalei ordainaraziz, aldiro-aldiro denok pagatzen dugun zabor-tasak igoaraziz.
Bestalde, Lasarte-Oria bezalaxe errauskailuak kaltetua den Usurbilek atez-ateko gaikako bilketa martxan jartzea erabaki du. Lehenengo hilabetetik beretik frogatu da bilketa sistemarik eraginkorrena dela, %80tik gorako birziklapen tasa bat lortuz, Konsortzioak eta bere errauskailuak 2016rako ere lortuko ez dutena. Usurbilgo emaitzak ukaezinak dira eta beste edozein sistemarenak baino hobeak. Horrela Usurbil materia organikoaren bilketari buruzko legeria betetzen duen udal gipuzkoar bakarra dugu.
Konsortzioak sustatuta, eta ordainduta, beste zenbait herritan materia organikoa bosgarren eduki-ontziaren bidez biltzeko esperientzia pilotuak martxan jarri dira, Bere emaitza eskasak, manipulatu eta gezurren bidez atez-atekoarenak baino hobetzat aurkeztu izanagatik, erakusten du errauskailua justifikatzeko erabilitako aitzakia besterik ez dela izan. Materia organikoarekin ahal den guztia egiten dutela sinestarazi nahi digute, erabateko gezurra dena.
Bitartean, Lasarte-Oriako udalak hondakinei buruzko inkesta bat egin zuen. Honen emaitzetatik ondorioztatzen da lasarteoriatarrek hondakinen errausketa errefusatzen dutela, atez-ateko bilketa ezartzeko prest daudela eta udalak hartutako konpromezua babesten dutela.
Era berean, azken hilabete hauetan Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko 35.000 sinadura baino gehiago bildu dira hondakinei buruzko lege proposamen baten alde, errausketa baztertuta gaikako bilketa intentsiboa bultzatzen duena. Tamalez eta modu lotsagarriz, Eusko Jaurlaritzak eragin du lege proposamena eztabaidatzeari Legebiltzarrak uko egitea. Horrela erakutsi dute argi eta garbi zer-nolako jarrera duten herritarren parte hartzearekiko, eta gure osasun eta ingurumenerako hain garrantzitsua den gai honetaz behar bezalako eztabaida eskatzen duten hiritarrak mespretsatzen dituztela.
Bestaldetik, gure inguruan konpost-planta bat eraikitzeko asmoak direla eta zalaparta sortu da gure artean (tratamendurako planta baten kokapena eta bilketa sistemaren gaiak nahastu nahirik). Kokapen hori egokia den ala ez alde batera utzita, esan beharra dago materia organikoa balioztatzeko biderik hoberena konpost-planta bat dela, eta, zenbait eragozpen eragin ahal izanagatik, ez dela osasunarentzat kaltegarria, ez dagoela alderatzerik gure eguratsa betiko pozoituko duen errauskailuarekin. Ikusi nahi duenak oso gertu du Bilboko erraustegia, bere ingurua jada kutsatu duena eta etengabe pozoia botatzen ari dena. "Ezkutatuta" geratuko litzatekeen errauskailu bat eraiki nahi izatea herritarren adimenarentzako irain bat da, memelotzat hartzen gaituzte. Nahiz eta tximinia gorderik egon, nahiz eta txikia izan, dioxinak, furanoak, metal astunak eta abar botako ditu, gasa edo/eta gasolina, plastiko, paper eta gaika bildu nahi ez duten materia organikoarekin nahasita erretzetik sortzen direnak. Nahasketa kutsagarri honetatik aterako den energia baino askoz energia gehiago aurreztuko dugu murriztuz, berrerabiliz, birziklatuz eta konpostatuz.
Eskualdeko beste udalerri batzuk jada atez ateko bilketa ezartzekotan dauden bitartean, Lasarte-Oriako Udalak oraindik ez du norabide honetan pauso praktiko bat ere eman.
Sistemak alderatzeko eta atez ateko bilketarekin emaitzak hobeagoak direla ikusteko behar baino denbora gehiago pasa da. "Munstroari" elikagairik gabe uzteko atez atekoa ezartzea nahi duten hiritarrekin hartutako konpromezuak gauzatzeko ordua da.

Errausketaren kontra,
Atez Atekoa
Lasarte-Oria Bizirik