Kirolzaletasuna izan zen garaile urrairen 25an herriko kaleetan burutu zen XIV kros herrikoian. Ia bi mila korrikalarik parte hartu zuten eta kolorea eman zioten goizean Lasarte-Oriari. Kroseko antolatzaileek banatu dituzten kamisetak ziren hain zuzen ere bizienak, hori bizi-biziak. Eguraldiak ere lagundu zuen, giro freskoa, korrika egiteko egokia, euririk ez zuen egin goiz guztian.
Dortsala eskatu zuten 1.300 lagunetatik 1.205 atera ziren irteera punturik eta gehienak heldu ziren helmugara.
Guztien artean azkarrena Orkoiengo Andoni Etxeberria izan zen; 31 minutu eta 56 segundoan egin zituen 10 kilometroak. David Martin herritarra 18 segundo beranduago heldu zen helmugara. Lehenengo emakumezkoa, Ainhoa Sanz urretxuar gaztetxoa, irabazlearengandik zazpi minutu eta hiru segundora iritsi zen (38:59).