Xabi San Sebastian bere taldearekin etorri zen Jalgira ostiralean kontzertua emateko asmoz, Ospela soul, bossa eta pop rock-eko disko freskagarri eta berria Lasarte-Orian aurkeztera, alegia.
Xabi Izotz taldeko kantari zein gitarra jole lanetan jardun zen. Ondoren, Alboka folk taldean euskal musika tradizionala jorratu zuen hainbat urtez. Kepa Junkera, Alasdair Fraser bibolinjole eskoziarrarekin eta Natalie Haaas biolontxelo jolearekin ere biran ibili da. 2004. urtean bere bakarkako ibilbidea hasi zuen Orai diskarekin. Bertan antzinako euskal melodien espiritua jaso eta era pertsonal eta gaurkotuan landu zituen, emaitza indartsu eta berezkoa lortuz.
Jende asko bildu zen ostiralean Jalgin, Xabiren kontzertuarekin gozatzeko asmoz. Herritarrez gain, zenbait musikari ere hurbildu ziren Xabi lagunaren emanaldia entzuteko asmoz. Ikusleen artean besteak beste, Jexux Mari Lopetegi, Akelarre taldeko kide ohia eta Esne Beltzako zenbait musikari topatu genituen. Bildutakoek ia bi ordu iraun zuen kontzertuaz ederki gozatu zuten.