Herriko kaleek beste itxura bat hartu zuten atzo goizean. Koloretsu ziren, korrikalarien horia, antolatzaileen laranja... Lasarte-Oriako Ostadar Kirol Fundazioak antolatzen duen Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren eguna zen eta goizean goizetik, korrikalariak ageri ziren beroketa ariketak egiten, korrika edo luzamenduak egiten. Megafonia ere martxan zen eta bertatik Asier Odriozolaren ahots ezagunak ematen zuen nobedade guztien berri.
Goizeko 10:30ak hurbildu ahala parte hartzaileak Ostadarren bulegoaren parean jarri zen irteera eta helmuga punturantz abiatu ziren. Dena prest zegoenean Erketzeko dantzariek agurra dantzatu eta hasiera eman zitzaion lasterketari.
Korrikalarien artean aurpegi ezagunen bat edo beste eta herritar asko galtza motzak jantzita. Santos Uribe beteranoetan beteranoena horien artean.
Aldarrikapenek ere izan zuten tokia korrikalarien nikietan, eta besteak beste, egunkariaren aldekoak, errauskailuaren aurkakoak, errealekoak, edo euskal selekzioa eskatzen dutenak ikusi zitezkeen eta soinean preso politikoen argazkia zeraman korrikalari talde batek ere egin zuen ibilbidea.
31 minutu eta 56 segundo
Dortsala eskatu zuten 1.300 lagunetatik 1.205 atera ziren irteera punturik eta gehienak heldu ziren helmugara: gutxienez 1.153 korrikalari, txipei esker kopuru hori zenbatu bait zuten amaieran. Baina, bukaeran batzuek adierazi zutenez zenbaitek bidean galdu zuten txipa.
Guztien artean azkarrena Orkoiengo Andoni Etxeberria izan zen; 31 minutu eta 56 segundoan egin zituen 10 kilometroak. David Martin herritarra 18 segundo beranduago heldu zen helmugara, baina berak ere txalo zaparrada handia jaso zuen.
Lasterketa hasi eta berehala jarri ziren biak lasterketa buruan, eta elkarrekin egin zituzten 8 kilometro. Amaierarako bi kilometro falta zirenean Etxeberriak erritmoa bizitu eta atzean utzi zuen herriko korrikalaria. Biek beste korrikalariei alde handia atera zieten helmugan. Hirugarrena Etor Etxeandia izan zen.
Lehenengo emakumezkoa, Ainhoa Sanz urretxuar gaztetxoa, irabazlearengandik zazpi minutu eta hiru segundora iritsi zen (38:59) eta bere atzetik Nerea Abrego 51 segundora eta Jaione Galdos 56ra.
Korrikalari jarioa
Hasieran banaka edo talde txikitan sartzen ziren korrikalariak, eta geroago heldu zer korrikalari anabasa. Pozik, bizkarretik helduta, asko irribarretsu eta lagunak agurtuz... sartzen joan ziren helmugara, gero eta talde gehiago, gero eta herritar gehiago. Bukaera aldera helmugara iristen ziren parte hartzaileen jarioa gero eta handiagoa zen. Batzuk seme edo alabekin batera sartu ziren.
Ordu bete eta hamar minutu inguru behar izan zituzten azkenak iritsi zirenek; erratza eta Beltzak errugbi taldearen 25. urteurrena gogoratzen zuen pankarta eskuan zutela sartu ziren. Azkenek ere txalo ugari jaso zituzten. Hauen atzetik Kuadrillategiko zenbait gaztek mozorroturik egin zituzten azken metroak.
Lasterketa nagusia amaitu bezain laster sari banaketa egin zen. Saria jaso zutenen artean zen Santos Uribe herriko korrikalari beteranoa. Eulogio de la Serna, eskarmentu handiko beste herritarrak aurten ez du parte hartzerik izan, baina helmuga inguruan izan zen atzo goizean.
Kros txikia
Sari banaketaren ondoren heldu zen korrikalari gazteenen txanda. Adin ezberdinetako 700 neska mutilek parte hartu zuten Uistin eta Geltoki kaleetan jarri ziren ibilbideetan. 5 eta 14 urte arteko haurrek parte hartu zuten, beraz, adinaren arabera, luzera ezberdinetako lasterketak egin behar izan zituzten, eta garrantzitsuena parte hartzea denez, domina bana eta jogurta jaso zuten guztiek helmugan.
Lasterketa ikusgarrienetarikoak lehenengoak izan ziren, txikienenak, hain zuzen ere, bost eta sei urteko neska mutilek bizi bizi egin zituzten ehun metro Geltoki kalean. Gero koxkorragoek Uistin eta Geltoki kaleetan barrena jarri zen ibilbideari zenbait itzuli eman zizkioten beti ere adinaren arabera.
Eta behin krosa amaitu eta gero, herriko giroan ere sumatu zen. Jende asko ibili zen eguerdian erdiguneko tabernetan eta ondoren jatetxe zein elkarteetara joan ziren asko bazkaltzera.
Urtero bezala DYAko laguntzaileak izan ziren ibilbidean zehar, baina ez zuten korrikalaririk artatu beharrik izan. Batek bizikletaz egin zuen ibilbide osoa.