Herriko kaleak korrikalariz bete ziren atzo goizean. Korrika egiteko giro bikainarekin guztira ia bi mila lagunek parte hartu zuten Ostadar Fundazioak antolatutako XIV Lasarte-Oria Bai Krosean. 700 haur izan ziren kros txikian eta seniorren lasterketarako 1.300 zenbaki banatu zituzten antolatzaileek. Hauetatik, gutxienez 1.153 korrikalarik bukatu zuten proba. Korrikalari bakoitzak txipa zeraman oinetan eta bidean galdu ez zutenen kopurua da hori.
Ondoren 5 urtetik 14 urtera bitarteko neska mutilek adinaren arabera hainbat lasterketetan parte hartu zuten Geltoki eta Uistin kaleetan zehar Ostadarrek prestatu zuen ibilbidean.
Lasterketa nagusian Orkoiengo Andoni Etxeberria izan zen azkarrena; nafarrak 31 minutu eta 56 segundoan egin zituen 10 kilometroak. David Martin lasarteoriatarra 18 segundora iritsi zen. Lasterketa hasi eta berehala alde egin eta elkarrekin egin zituzten lehen 8 kilometroak.
Emakumezkoen artean Ainhoa Sanz urretxuarrak garaipen erraza lortu zuen. 38 minutu eta 50 segundoan egin zituen 10.000 metroak.
Baina lehen postuetan iritsi ziren kirolariez gain aipagarria da parte hartu zuten korrikalarien ahalegina, herritar eta kanpotar, zahar eta gazte, kolorea eman zioten atzo Lasarte Oriari.