EB-Berdeak Gobernu paktua apurtu ostean, Lasarte-Oriako PSOEk Ana Urchueguiaren ahotsean bere jarrera azaldu zuen. “Ortega jaunak dioen bezala, hausturaren arrazoia atez-ateko sistema ez ezartzea da,” onartu zuen alkateak.
“Bagenekien gaia jorratzen hasi ginenean honek paktuaren haustura suposatuko zuela. Horren jabe ginen,” aipatu zuen.
“Guk akordioan gaiari buruzko azterketa batzuk egiteko asmoa genuen,” adierazi zuen eta “inkesta bat egin zen, baina ez zen azalpen garbirik eman atez-atekoak suposatzen zuenari buruz. Jendeak ez zuen ulertu atez-atekoak zure etxeko portalean kako batzuk jarri behar dituzula, zuk egunero bertan ontzia pixoihalekin, etab uzteko.”
Hondakinen bereizketa
Horregatik, bilketa selektiboan lan egiten jarraitu behar dela uste du PSOEk. Izan ere, Lasarte-Oria gainera San Markoseko Mankomunitatearen ereduetako bat da bilketa mota honetan.
“Guk San Markosera eramaten dugun hondakin kopuruan tonelada jaitsiera handia izan dugu, %25a azken lau urteetan eta hori herritarrek kontzientziatuak daudenaren seinale da,” azpimarratu zuen eta “kontuan izan behar da, guk bilketa selektiboa martxan jarri baino lehen hondakin kopuru handia genuela eta urtez urte handitzen zihoala,” atxiki zuen.
Eta atez-atekoa guztiz baztertua geratzen dela onartu zuen, “ingurumenaren alde neurri guztiak ezarri behar direla uste dugu eta momentu honetan, atez-atekoa konponbidea aproposa ez dela erabaki dugu.”
“Ezin dugu atzera egin eta herritar batek zioen bezala, txerri jana biltzen zen garaira bueltatu. Egunean zehar hori ikustea, horrek dakarren usaina, etxean zaborra hiru egunetan izatea... herritarrei ez die grazia handirik egin,” adierazi zuen.
Bosgarren edukiontzia
Honela, “bosgarren edukiontzia ezartzea aztertu behar dugu. Arazoaren konponbidea izan daiteke. Konponbide erraza eta herritarren parte hartzea sustatzen duena. Ezin duzu sistema bat ezarri, herritarrak eta udal batzarra aurka dituzula,” esan zuen.
“Ortega jaunari jakin arazi genion gure jarrera eta hark atez-atekoaren ezarpena ez zenez egingo, paktua apurtzea erabaki du, izan ere, EB- Berdeak, baita udaletxeko beste talde batzuentzat ere, gai garrantzitsua baita.”
Erabaki lokala
Gai honetan guztian interes orokorra nagusi izan dela azpimarratu zuen alkateak, “eroso eta lasai gobernatzea alde batera utzita hartu dugu erabakia. Hori da PSOEk egin duen apustua eta herriaren onerako ongi jokatu dugula uste dugu.”
“Guk herri hau gobernatzeko erantzukizuna dugu eta herritarrekin hitz egin dugu. Erabaki hau, erabaki lokala da Lasarte-Oriako PSOE-rena, ez dago kanpoko eraginik, ezta interesik ere,” jarraitu zuen.
Akordioa eta ondorioak
PSOE eta EB-Berdeak alderdien arteko paktuak bi urte eta erdi iraun ditu eta alkateak honela azaldu zuen, “gure harremana zintasunean oinarritu dela azpimarratu behar da. Akordio guztiak aurrera eraman ditugu eta ezin izan dugu atez-atekoaren arazoa saihestu. Guk gairi buruz gehiago hausnartu behar dela uste dugu eta beste irtenbide batzuk aztertu.”
Etenaren ondorioak ere aipatu zituen Urchueguiak, “gure erabakiak zailtasun handiak ekarriko dizkigu. Paktua hausteak lasaitasuna kenduko digu, ez dugu gehiengoa eta horrek akordioak lortzeko lan gehiago egitea suposatuko du.”
Era berean, Udaleko komisioen berrantolaketa suposatzen du. “Aztertu beharreko gaia da, Ortega jaunak bere gain zituen arloak garrantzitsuak baitira eta guztiak berrantolatu behar ditugu herritarren onurarako,” adierazi zuen eta “kontuan izan behar da guk, gehiengoa izan edo ez, oposizioari batzar baten zuzendaritza eman diogula eta, egoera honetan ere, joera horrek aurrera jarraituko duela,” atxiki zuen.
Rikardo Ortega jaunarekin hitz egiteko prest agertu zen alkatea, “hark hausturaren berri eman baitzigun”. “Hark dioen bezala, ateak zabalik uzten ditugu akordio puntualak egin eta herriaren onerako diren ekimenak aurrera eramateko” gaineratu zuen Urchueguia alkateak.