EB-Berdeak eta PSOEren arteko Udaleko Gobernu paktua hautsi da

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 26a

Bi urte eta erdiko lankidetzaren ostean, Lasarte-Oriako EB-Berdeak taldeko zinegotziak, Rikardo Ortegak, Gobernu paktuaren haustea jakin arazi zuen lehengo ostegunean. Arrazoi nagusia, Lasarte-Oriako alderdi sozialistak ez duela atez-ateko zabor bilketaren esperientzia martxan jartzeko konpromisoa beteko.

Lasarte-Oriako Ezker Batua Berdeakek PSOErekin zuen Gobernu paktua apurtutzat ematen duela adierazi zuen Rikardo Ortega zinegotziak ostegun arratsaldean eskainitako prentsaurrekoan.
Ezker Batua Berdeak alderdiaren babesa ere izan zuen momentu horretan, Carmelo Perez, Gipuzkoako antolakuntza arduraduna bertan baitzegoen.

Atez-ateko esperientzia
Arrazoia Lasarte-Oriako alderdi sozialistak ez duela atez-ateko zabor bilketaren esperientzia martxan jartzeko konpromezua beteko.
"2008ko martxoaren 13ko osoko bilkuran, alderdi guztiek, PPk izan ezik, ekimen horren alde bozkatu genuen, baina orain, alderdi sozialistak, gure taldearen ustez funtsezkoa den akordioa baztertu du," adierazi zuen Ortegak.
Atez ateko bilketa, zaborren gutxitze eta birziklapen eta konpostaia bultzatzeko zaborren kudeaketa iraunkorrerako oinarrizko neurrietako bat da EB-Berdeak alderdiarentzat.
Izan ere, “horixe baita, hain zuzen ere, EAJ, EA, Hamaikabat, PSEE eta PPk egin nahi duten errauskailua zentzurik gabe utziko lukeena,” esan zuen Ortegak.
“Hurbileko Usurbil herrian martxan jarritako neurri honek lortu duen birziklapen tasak errauskailua ez dela beharrezkoa frogatu du eta gure ustez Lasarte-Oriako herritarrek ere, hala ulertzen dute orain dela gutxi gure udalerrian egin den zaborrei buruzko herri ikerketen emaitzen arabera,” atxiki zuen.

Errauskailuaren aurka
Era berean, Ezker Batua Berdeakek errauskailuaren kontra egingo duela azpimarratu zuen, “ez delako azpiegitura iraunkorra, baliabideak xahutzen dituelako eta emisio toxiko eta minbizi sortzaileak igortzen dituelako. Eta, honetaz gain, zabortegien osteko garaiari hasiera eman beharrean, zabortegi toxiko eta arriskutsuen garaira eramaten gaitu.”
“Beraz, Ezker Batuak zaborren gutxitzea eta birziklapen intentsiboa ahalbidetuko duten neurriak bultzatzen jarraituko du eta horien artean funtsezkoa da atez-ateko bilketa,” jarraitu zuen.

Hiritarren parte hartzea
Gauzak honela, Ezker Batua Berdeakek hiritarrei dei egiten die euren ahotsa entzunarazteko ahaleginak eta ekimenak bikoiztu ditzaten. “Ekiteko eta elkarrekin ekiteko garaia iritsi da, auzokideen elkarteak, gurasoen elkarteak, sindikatuak, alderdiak, talde ekologistak, herri elkarteak…,” esan zuen Ortegak.
Eta, egoera honi begira, Lasarte-Oria Bizirik taldearen papera ere azpimarratu zuen, “gure ustez, Lasarte-Oria Bizirik errauskailuaren aurkako borrokaren aitzindari izan behar du eta alternatiben alde egin beharko du, hemen eta orain atez-ateko bilketa ere aldarrikatuz.”

Oposizio lasaia
PSEE alderdiaren erabakiaren ondorioz, "oposizioan egotera behartu gaitu. Eurek ezagutzen dute gai honekiko daukagun sentsibilitatea,” esan zuen EB-Berdeak alderdiko zinegotziak.
“Gai askotan iritzi desberdinak izan ditugu, batzuk konpontzeko gai izan gara beste batzuk berriz, baztertuta utzi behar izan ditugu, baina oraingo honetan, gai honekin gertatutakoa gehiegizkoa izan da," onartu zuen Ortegak.
Eta hemendik aurrera, EB-Bak oposizioan kokatuko dela jakin arazi zuen, “PSEEk, Ezker Batuak izan dituen ardurei buruz hartzen dituen erabakiak gorabehera, oposizioan kokatuko gara. Oposizio lasai eta arduratsua baina oposizioa.“
“Hala ere, horrek ez du baztertzen negoziaziorako atea eta akordio puntualetara heltzeko aukera zabalik uztea,” amaitu zuen akordio berrien atea irekia utziaz.