Chourraut palista, Ponga eta Aizpurua judokak Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2009ko urriaren 29a

Kirolari lasarteoriatarrak azken asteetan lan eta lan ibili dira eta denboraldi hasiera honetan horietako batzuk Gipuzkoako txapelketari aurre egin behar izan diote. Horiek ditugu, Maialen Chourraut piraguista eta Andoni Aizpurua, Mikel Ponga eta Beñat Elizalde judokak.

Maialen Chourraut urriaren 18an Irungo San Miguel kanalean ospatu zen Gipuzkoako Slalom Txapelketan gailendu zen.
Nagusi izan zen Mailen txapelketa hasieratik. Lehenengo jaitsieran lehenengo postua lortu zuen dagoeneko, nahiz eta 2 puntuko penalizazioa izan.
Bigarrenean, berriz, ez zuen akatsik egin eta lehenengo saioko denbora hobeto zuen, bigarrenari 9 puntuko errenta atereaz.

Judoa

Honetaz gain, lehengo asteburuan senior mailako Gipuzkoako txapelketa burutu zen Tolosan.
Bertan bi judoka lasarteoriatarrek parte hartu zuten pisu ezberdinetan, LOKEko Beñat Elizalde 81 kilo azpiko mailan eta Usurbilgo Judo taldean dabiltzan Andoni Aizpurua 60 kilo azpikoan eta Mikel Ponga 100 kilotik gorakoan.
Hirurak sartu ziren bere mailako finaletan baina zorte ezberdina izan zuten. Pongak eta Aizpuruak Oniani Bujula eta Julen Idarreta donostiarrei irabazi zieten eta biek Gipuzkoako txapela lortu zuten.
Elizaldek, ordea, ezin izan zuen Usurbilgo Judo taldeko Xabier Urkizu gailendu eta txapeldunorde izan zen.
LOKEko entrenatzaile den Gorka Aristegik jakin arazi digunez, Beñatek ez zuen txapelketa ona burutu eta, hala ere, zilarrezko domina eskuratu zuen.
Orain, helburua, abenduan jokatuko den Euskadiko txapelketa izango da eta gogor entrenatuko da paper oina egiteko.

Logroñon entrenamendua

Bestetik, Aristegi entrenatzaileak jakitera eman digunez, lehengo larunbatean LOKEko judoka talde batek Logroñora egin zuen Jose del Toro eta Jose Merino maisuekin entrenamendu teknikoa egiteko.